6 Tona konpost banatu dute Bortzirietan 43 familiaren artean

Ttipi-Ttapa 2016ko apirilaren 5a

43 familiek hartu zuten konposta Alkaiagako nabetik.

Joan den larunbatean Bortzirietako hondakinen Mankomunitateak neguan zehar pilatu den konposta banatu zuen Alkaiagan duen nabean.  Alde batetik, garbitutako konposta zuten, lorontzietan erabiltzeko prest. 2 Tona inguru banatu zituzten. Bertze aldetik, garbitu gabeko 4 Tona konpost inguru banatu ziren baratzean erabiltzeko. Jende aunitz hurbildu zen, guztira 43 familia. 

 

Argazkian ageri den bezala, zakuak, ontziak eta poltsak eraman zituzten eta konpostarekin bete zituzten. Horrela, Bortzirietako Hondakinen Mankomunitateak bildua zuen konpost guztia eraman zuten.

 

Udaberritik udazkenera

Udaberrian eta udan konpost eskaera gehiago izaten dituzte eta auzo konpostaguneetatik bertatik banatu nahi dute zuzenean, nabean pilatu gabe. Horregatik, zerrenda bat osatu nahi dute konposta eskuratzeko interesa dutenekin. Horrela, gune batean konposta prest dagoenean, zerrendan dagoen jendeari deituko zaie beraiek zuzenean puntura joan eta bertatik Mankomunitateak zehaztutako konpostagailua edo gelaxka hustutzeko.

Zerrendaren ordena eskaeraren dataren araberakoa izanen da eta denei txandaka deituko diete, denek konposta hartzeko aukera izateko. Zerrendan izena eman ahal izanen dute konposta egiten dutene bakarrik, bai etxeko composta, baita auzokoa ere. Konposta garbitu nahi duenak Mankomunitateak duen makina erabili ahal izanen du.

Interesdunek deitu 670 522 975 telefonora edo idatzi hurrengo helbide elektronikora: txomin@bortziriakzabor.com.

 

Bigarren hiruhilabeteko zozketa

Aurten, urtero bezala, Baztango Udalak eta Bortziriak eta Malerrekako Mankomunitateek zonaldeko etxe guztietan banatu den egutegia prestatu dute. Ale bakoitzak zenbaki bat du urtean zehar egiten diren zozketetan parte hartzeko. 2016ko bigarren zenbaki sariduna atera da eta 8717 zenbakia izan da. Saria eskualdeko dendetan gastatzeko 300 euroko erosketa txartela izanen da.

Lehenbiziko hiruhilabeteko saria ez zen banatu. 2Saridunak Bortzirietako Mankomunitatera deitu beharko du ekainaren 30a baino lehen (948 63 52 54).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun