Bortzirietako Hondakinen Mankomunitateak konposta banatuko du apirilaren 2an

Ttipi-Ttapa 2016ko martxoaren 29a

Bi konpost mota banatuko dituzte larunbat goizean Alkaiagako nabean.

Larunbat goizeko 11etan Alkaiagako nabean

Joan den urtean izan zuen arrakasta ikusita aurten ere Bortzirietako Hondakinen Mankomunitateak neguan zehar Alkaiagako nabean pilatu duen konposta banatuko du. Apirilaren 2an, larunbat goizeko 11etan izanen da hitzordua Alkaiagako nabean.

 

Bi konpost mota izanen dira. Alde batetik, garbitutako konposta, galbahetik pasatu dute hondar handienak kentzeko. Hagitz itxura politako konposta da eta lorontzietan erabiltzeko prestatu dute. Bertzetik, garbitu gabeko konposta ere emanen da, galbahetik pasatu gabea eta zuzenean konpostagailutik atera duten bezala banatuko dute. Bertzeak bezain propietate onak ditu eta baratzerako ezaugarri hagitz interesgarriak. Desberdintasun bakarra da fruitu lehorren azalak edo hezurrak kontzen ahal dituela eta itxura zakarragoa duela.

Ez dute garbitutako konposta emanen baratzean erabiltzeko eta norbaitek konposta garbitu nahi baldin badu, bertan Mankomunitateak duen makina erabiltzeko aukera izanen du.

Konpost hori auzo konpost-guneetatik atera dute eta Mankomunitateak azken urte hauetan egin dituen kanpainetan izena eman duten familiei esker egin ahal izan dute. «Horregatik, konposta egiten duten familiei eta gure datu basean daudenei bakar-bakarrik banatuko zaie konposta, auzoko konposta nahiz etxeko konposta egin», adierazi dute Bortzirietako Hondakinen Mankomunitatetik.

Konposta nahi duenak poltsak, ontziak, zakuak edo nahi duen materialak ekarri beharko ditu eraman ahal izateko, Mankomunitateak ez baitu horretarako ontzirik. Azkenik, Mankomunitateak aipatu nahi du «dagoen konposta denen artean egin dugula eta, beraz, etortzen diren guztien artean berdin banatuko dela. Anima zaitez aurtengo baratza eta loreak konpostarekin ongarritzera!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun