Bortzirietako eskuz banakako XV. Pilota txapelketako finalak jokatu dituzte

Ttipi-Ttapa 2016ko mar. 21a, 09:28

Finalak jokatu ondotik, Bortzirietako eskuz banakako pilota txapelketako sariak banatu zituzten.

Martxoaren 19an Lesakako udal pilotalekuan partida ikusgarriak izan ziren

Bortzirietako eskuz banakako hamabosgarren pilotaren finalak jokatu dituzte martxoaren 19an, larunbat goizean Lesakako udal pilotalekuan. Kadete mailakoa lehendik jokatua zuten, bi protagonistak ikasbidaian baitaude egunotan.

 

Lesakan finalak martxoaren 19an

Ttikiak B maila

Mattin Perez (Bera), 7 – Ortzadar Iratzoki (Bera), 18

Partida uste baino errazago irabazi zuen Iratzokik, Perezek ez baitzuen daukan maila eman.

 

Ttikiak

Unax Bereau (Lesaka), 9 – Aimar Otxandorena (Lesaka), 18

Hemen ere berdin gertatu zen, Bereauk urduri jokatu baitzuen eta Otxandorenak partida bikaina egin zuen. Bi pilotariek maila bikaina daukate.

 

Umeak

Ugaitz Apeztegia (Baztan), 13 – Josu Etxepeteleku (Lesaka), 18

Berez, bi baztandarren arteko finala izan behar zen, baina Arkaitz Goienetxek bihurdura bat izan zuen astean zehar eta bere ordez finala jokatzeko, finalerdietako bi galtzaileen arteko partida jokatu zuten ortziralean Beran. Etxepetelekuk 18-13 irabazi zion Irungo Beñat Bertiz-i eta finalean ere, ederki topatu zituen zuloak zabalean eta txokoan. Final borrokatua eta ederra jokatu zuten.

 

Kimuak

Oihan Etxeberria (Lesaka), 12 – Jon Pagola (Bera), 18.

Pagola kolpe gehiagoko pilotaria da eta Etxeberria dominatu zuen, baina partida erdira arte berdinduak joan ziren, Etxeberriak urrutitik dejadak botaz mina egiten baitzion Berakoari. Azkenean, ordea, Pagolak ere asmatu zuen jokalditan.

 

Haurrak

Asier Bailarena (Baztan), 18 – Asier Telletxea (Bera), 17

Edozeinek irabazteko partida, sakea hartzen zuen pilotariak tantoak bata bertzearen ondotik egiten baitzituen. Ez zen piloteo handiko partida izan eta azkenean baztandarra nagusitu zen.

 

Kadeteak

Enaitz Telletxea (Igantzi), 18 – Mikel Eltzaurdia (Bera), 12

 

Gazteak

Imanol Ugalde (Oiartzun), 13 – Ekain Etxeberria (Oiartzun), 18

Oiartzuarren arteko lehia borrokatua eta erritmo handikoa izan zen. Etxeberriak indar gehiago ematen dio pilotari eta aukera gehiago izan zituen tantoa bukatzeko.

 

22 urtez beheiti

Beñat Mitxelena (Bera), 14– Jon Olaizola (Lesaka), 22

Partida polita jokatu zuten bi pilotariek. Mitxelena 5-0 aitzinetik jarri zen erritmoa fuertea jarriz eta tantoa bukatzerakoan asmatuz. Olaizolak sakea hartu zuenean, ordean, pilota fuerteagoa atera zuen eta min egin zion Mitxelanari. Partida borrokatua izan zen, baina Asperekin astero entrenatzen ari den Olaizolari irabazteko, aunitz jolastu behar da gaur egun.

Finalen ondotik, txapelak eta oroigarriak banatu zituzten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun