Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak Tratu Onaren Sarea bultzatu nahi du

Ttipi-Ttapa 2016ko mar. 9a, 08:02

25 profesional eta gizarte eragile bildu ziren martxoaren 2an Harriondoan, sareari lehen bultzada emateko.

Orain artean, familia, haurtzaroa eta nerabezaroaren arloan egin den lana gizarteko bertze lan-ildo batzuetara zabaldu nahi

Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak deituta, Bortzirietako 25 profesional eta gizarte eragile bildu ziren martxoaren 2an Lesakako Harriondoa Kultur Etxean. Hilabeteotan errealitatearen azterketa egin ondotik, etorkizunerako ekintza lerroak diseinatu behar dela azpimarratu dute, 2016-2020 Lan Planaren oinarrizko ildoak.

 

Profesional horien helburua Bortzirietan ahalik eta ongizate maila handiena lortzea da, hezkuntza, osasuna, udal langile eta bertzelakoen arteko jarrera kolaboratzaileak lortuz. Sareko lan hori gainbegiratzeko kanpoko aholkulari tekniko bat ere etorri zen.

Bortzirietan Sareko Lana duela zortzi urte ezarri zen, baina bakar bakarrik haurtzaroari lotutako arloan. Arlo horretan arrakasta handia izan da, familia, haurtzaroa eta nerabezaroarori lotutako gaietan. Orain, lan-ildo hori zabaldu eta estrategia berriei ekin nahi izan zaie.

Proiektu hau Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak bultzatu du eta bertatik aipatu digutenez, «gure borondatea da dimentsio zabalagoa ematea, prebentzioaren ikuspegitik. Bortz herrietan dauden potentzialitateak eta ahalmenak identifikatzen lan handia egin dugu, gure interes zentroak zein diren aztertu eta eskualde mailan, prebentzio arloa zer hobetu dezakegun ikusiz. Alternatiba ezberdinak aztertu eta iruditu zaigu lan mahai hori berregituratu behar zela eta datozen urtetarako Bortzirietan Plan Integral batean bihurtu».

Ilusioa eragiten duen helburu handia da eta «Gizarte Zerbitzuetatik uste dugu gizarte zailtasunei aurre egitea errazago dela denak batera lan eginez gero, ez bakoitza bere aldetik lan eginez baino». Gaur egungo gizarte eta familia egitura berriek gizarte loturaren garrantzia erakusten dute eta hortaz, «tokiko gizarte sareak sortu eta indartzeko beharra» azpimarratu dute. Azken finean, garai bateko auzolana lan modu bezala berreskuratzea da, baina gizarte harremanen arloan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun