Jose Luis Etxegarai alkateak aipatu digunez, «18.000 bolumenen leku aldatzea ez dago sartua deialdi honetan eta trasladoa udalak egin beharko luke». Eskaintzak aurkeztuta eta hilabete bat beharko da lanak emateko eta behin hornidura lanak emanda, bi hilabeteko epea izanen da hornidura eta altzariak jartzeko. Hortaz, udalari gustatuko litzaioke Sanferminen inguruan liburutegi berriaren inaugurazioa egitea.
Irisgarritasun eta segurtasun gabeziak
Aipatzekoa da Lesakako udal liburutegiaren egoera bertatik bertara ikustera Nafarroako parlamentariak bitan izan direla herrian, bai aitzineko legealdian baita oraingoan ere, joan den urteko irailean. Bietan ondorio berdintsuak atera zituzten parlamentariek: «Gaur egungo liburutegiak xarma handia du, baina irisgarritasun eta segurtasun aldetik gabezia handiak». Izan ere, Herriko Etxeko hirugarren solairuan egoteaz gain (igogailua bigarreneraino igotzen da bakarrik, eta hortik goiti eskailerak igo behar dira), sartzeko eta ateratzeko bide bakarra du, horrek duen arriskuarekin.
Joan den irailean parlamentariekin eta udal ordezkariakin egindako lan saioan izan zen Asun Maestro, Nafarroako Liburutegi Zerbitzuko zuzendariak aipatu zuenez, gaur egun 814 erabiltzaile ditu Lesakako liburutegiak eta 2014an 13.000 bisita jaso zituen. Datu bikainak dira, 2.700 bizilagun inguruko herri batentzat, baina Harriondoan kokatuz gero, jendea errazago hurbilduko litzatekeela uste zuen.