Hika ikastaroa eskainiko dute Bortzirietan apirilean eta maiatzean

Ttipi-Ttapa 2016ko mar. 4a, 09:13

Izen emateko epa martxoaren 22ra arte dago zabalik

Aspaldiko partez, eta herritar batzuek hala eskatuta, 16 orduko hika ikastaroa eskainiko du Bortzirietako IKA euskaltegiak apirilean eta maiatzean. Bi orduko saio hauek gidatzeaz Beñardo Goietxe irakaslea arduratuko da ortziral arratsaldetan. Oinarrizko formak landuko dira ikastaroan, bai euskara batuan bai bertako euskalkian. 

 

Hika ikasteko, berreskuratzeko edo fintzeko interesa duen edonorentzat prestatuta dago ikastaroa; hutsetik hasten direnak ez dira galduko, eta lehenagotik zerbait dakitenek ere aunitz ikasiko dute. Gainera, irakasleak interesgarritzat jo du hika maila ezberdineko ikasleak talde berean egotea, batzuek bertzeengandik ikasi dezaten eta elkarri lagundu diezaioten.

Bortzirietako Euskara Mankomunitatearekin batera ibili da IKA euskaltegia elkarlanean, baina baita Solaslaguna programarekin ere; ikastaroari segida eman nahi diote antolatzaileek, Bortzirietan hikalagun taldea sortuz. Etorkizunean guttienez lagun talde bat astero elkartzea da asmoa, hika solasteko ohiturarik gal ez dezaten.

Ikastaroa Beran edo Lesakan emango da, eskariaren arabera. Izen-ematea martxoaren 22ra arte egonen da zabalik, eta 948 637 796 telefonora deitu edo bortziriak@ikaeuskaltegiak.eus helbidera idatzi bertzerik ez da egin behar. Ikastaroaren matrikula 40 eurokoa da eta %75eko asistentzia dutenei ziurtagiria banatuko zaie.

 

Inguruan aukera gehiago

Hika gero eta guttiago solasten delako kezka zabaltzen ari da inguruan, eta horren erakusgarri dira tenore beretsuan hemendik gertu eskainiko diren ikastaroak: Baztango AEK-k 10-12 laguneko bi talde atera ditu, eta Irungo AEKn 15 lagun inguru hasi dira martxoan 33 orduko ikastaroarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun