UEUko ikastaroko hitzaldia eskainiko du Estitxu Fernandezek Beran otsailaren 25ean

Ttipi-Ttapa 2016ko ots. 24a, 07:30

Estitxu Fernandezek eskainiko du solasaldia ortzegunean Labiaga ikastolan. Argazkia: Xumar Altzugarai Arakues

Nola bizi nahi dut? solasaldia eskainiko du ortzegunean 14:00etan Labiaga ikastolan

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) bere udaberriko eskaintza aurkeztu du. Otsaila eta maiatza bitartean lau ikastaro eta lau hitzaldi antolatu ditu Nafarroa osoan. Hitzaldi horietako bat Berako Labiaga ikastolan izanen da otsailaren 25ean, ortzegunean 14:00etan. Estitxu Fernandez, lesakarrak Nola bizi nahi dut? solasaldia eskainiko du.

 

Estitxu Fernandez psikologian lizentziatua eta Magisteritzan diplomatua da, Haur Prebentzioan aditua eta psikologoa haur prebentzioan. Horretaz gainera, bertsolari moduan eta telebista aurkezle gisara ere ezagun egin zen.

Nola bizi nahi dut? Galdera funtsezkoa edozeinen bizitzan. Galdera horri erantzuteko, Estitxuren kasuan, une honetan, hiru aldagai dira oinarrizkoak: alaba, lanbidea eta euskara. Alaba ttikiaren ongizatea, lehentasuna da Estitxurentzat.

Horri begira egin du geldialdia lanean. Lana ere garrantzitsua da beretzat ordea, baina ez edozein lan. Zertan eta nola egin nahi dut lan? Eta azkenik, nola komunikatu nahi dut munduarekin? Euskaraz. Hiru alor horietan paratzen du indarra gaur egun.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun