Ongietorria eskaini diote Beti Gazteko sokatira taldeari Munduko txapelketatik bueltan

Ttipi-Ttapa 2016ko ots. 23a, 08:35

Alaitz Rekondok Aurreskua dantzatu zien Beti Gazteko tiralariei plazan. Argazkia: Xagu-Lesaka

Klub artekoan dominarik lortu ez bazuten ere, Julen Palenzuelak zilarrezko domina golkoratu zuen nazioarteko 23 urtez beheitiko 600 kiloko txapelketan

Otsailaren 18an 21era Holandako Vollendam hirian jokatu den Munduko sokatira txapelketan izan da Lesakako Beti Gazte taldea. Klub arteko txapelketan aritu dira 560 eta 600 kiloko kategorietan, baina dominen borrokatik kanpo gelditu dira. Halere, aurten Hego Euskal Herriko tiralariek lehen aldiz Euskal Herriaren izenean tiratzeko aukera izan dute, Basque Country taldearekin eta 23 urtez beheitiko kategorian, 600 kilotan zilarrezko domina eskuratu du Julen Palenzuela Etxepare herritarrak talde horrekin.

 

Otsailaren 22an, astelehen arratsaldean bueltatu ziren Lesakara eta herritarrek ongietorria eskaini zioten plazan. Bandako musikarien musikarekin sartu ziren plazara taldekideak, zilarrezko domina golkoan zuen Julen Palenzuela bizkarrean hartuta zutela. Alaitz Rekondok Aurreskua dantzatu zien.

Beti Gaztek dominarik lortu ez badu ere, euskal taldeek 13 domina lortu dituzte, 8 kluben arteko txapelketan eta 5 nazioen arteko txapelketan. Pena, bakar bat ere ez dela urrezkoa izan. Klub artekoan, emakumezkoen 540 kiloko kategorian, Gaztedik zilarra lortu zuen eta Ibarrak brontzea; emakumezkoen 500 kilokoan, Badaiotzek zilarra lortu zuen eta Gaztedik brontzea; 600 kiloko mistoan zilarra lortu zuen Ibarrak eta gizonezkoetan brontzezko bi domina lortu zituen Sokarrik 560 eta 600 kilokoan eta 23 urtez beheitiko 600 kilokoan ere brontzea Berriozarrek.

 

Nazioartekoan lehen aldiz

2014ko uztailaren hasieran Euskadiko Herri Kirol Federazioak TWIFeko eskubide osoko kide izatea lortu zuen, eta munduko goma gaineko sokatira txapelketa bi urtetik behin ospatzen denez (azkena 2014ko otsailean Irlandan izan zen) goma gaineko euskal taldeak “Basque Country” ordezkatuz lehiatu diren lehen aldia izan da aurtengoa Holandan. Hau da, goma gaineko sokatirako euskal selekzioaren lehen txapelketa ofiziala izan da honako hau. Hasiera ona izan dela erraten ahal da, brontzea lortu baitu emakumezkoen 500 eta 540 kilotan, gizonezkoen 600 kilokoan eta 600 kilo mistoan eta zilarra, berriz, gizonezkoen 23 urtez beheitiko 600 kilokoan. Hain zuzen, kategoria honetako taldean aritu zen Julen Palenzuela lesakarra eta bigarren izan zen Taiwanen ondotik, finalerdietan Holanda menperatuta.

  

Urte bikaina

Beti Gaztek ez du dominarik lortu Munduko klub arteko txapelketan, baina urte gogorra eta ona izan da taldearentzat. Hasteko, 2015eko Nafarroako txapelketa irabazi zuen nagusitasunez.

Euskadiko txapelketan, ustekabean zilarrezko domina lortu zuen 640 kilotan. 680, 600 eta 560 kiloko kategorietan, aldiz, dominetatik kanpo gelditu zen. Orain, hamabi urteren ondotik Munduko txapelketara bueltatu dira, beteranoak eta gazteak nahasten dituen taldearekin. Ez dute dominarik lortu, baina seguru esperientzia baliagarria dela gazteak trebatzeko eta nazioartean lehiatzeko modua ikasteko. Hurrengo hitzordua Txinan izanen da 2018an.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun