Dominen borroketatik kanpo gelditu da Beti Gazte Munduko sokatira txapelketan

Ttipi-Ttapa 2016ko otsailaren 19a

Beti Gazteko tiralari gehienentzat nazioarteko lehen esperientzia izan da Holandakoa eta esperientzia hartzeko baliagarria.

560 kilokoan ez zuen lehen fasea gainditzerik izan eta 600 kilokoan final laurdenetan kanporatu du Irlandako Saint Pats taldeak

Otsailaren 18an abiatu zen Munduko sokatira txapelketa Holandako Vollendam-en. Lesakako Beti Gaztekoak klub arteko txapelketan aritu dira 560 eta 600 kiloko kategorietan, baina dominen borrokatik kanpo gelditu dira. 

 

Ortzegunean jokatutako 560 kiloko kategorian, irlandarrak nagusi izan zirela aipatzen ahal da, herrialde horretako hiru talde sartu baitziren finalerdietan (Mountain View, Saint Pats eta Country Club) eta Euskal Herriko bakarra (Sokarri bizkaitarrak). Azkenean, bizkaitarrek brontzezko domina lortu zuten, Country Cluberi irabazita. Urrezko domina Mountain View taldearentzat izan zen eta zilarrezkoa Saint Patsentzat.

Ortzeguneko jardunaldian domina gehiago ere eskuratu zituen Euskal Herriko ordezkaritzak. Emakuzkoen 560 kilokoan, Bizkaiko Laukizeko Gaztedik zilarrezko domina lortu zuen, Chinese Taipei taldearen kontra finala galduta. Brontza ere Euskal Herrira ekarri dute Gipuzkoako Ibarrako emakumeek, Hegoafrikako Disa Ladies menperatuta.

Gizonezkoen 640 kiloko kategorian ez zen dominarik izan euskaldunentzat. Irlandako Saint Pats izan zen txapeldun, Holandako Deinum-Britsum eta Eskoziako Tintoren aitzinetik.

Gizonezkoen 23 urtez beheitiko kategorian, 600 kilotan, aldiz, Berriozar taldeak brontzezko domina lortu zuen, Belgikako De Berketrekkers taldeari irabazita. Urrezko eta zilarrezko dominak Taiwanera joan ziren.

 

Ortziralean 600 kilotan

Lesakako Beti Gazte taldeari dagokionez, ortziralean burutu ditu bere azken tiraldiak. Lehen fasean ongi ibili da taldea eta bere multzoan bigarren izan ondotik, aspaldiko ezaguna duen Irlandako Saint Pats talde gogorraren kontra aritzea suertatu zaio Beti Gazteri. Hain zuzen, ortzegunean 560 kilotan zilarra eta 640 urrea jantzi zituen Saint Pats-ek eta dominetarako bidea itxi die lesakarrei, final laurdenetan kanporatuta.

Honenbertzez, bukatu du Beti Gaztek Munduko sokatira txapelketako ibilbidea baina astelehenera bitarte ez dira Lesakara bueltatuko. Orain arte tiran bezala, klub arteko nahiz nazioarteko txapelketak ikusiz izanen dute orain esperientzia hartzeko eta nazioartean nola lehiatzen den ikasteko aukera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun