Munduko txapelketara doa Beti Gazte sokatira taldea

Ttipi-Ttapa 2016ko otsailaren 16a

Beti Gazteko sokatira taldea Euskadiko 560 kiloko finalean, txapeldun suertatu zen Abadiñoren kontrako tiraldian. Lesakarrak bosgarren izan ziren.

Holandako Volendam hirian jokatuko da otsailaren 18tk 21era eta lesakarrak 560 eta 600 kiloko kategorietan lehiatuko dira klub artekoan

Hamabi urteren ondotik, berriz ere Munduko sokatira txapelketan parte hartuko du Lesakako Beti Gazteko gizasemeen sokatira taldeak. Hain zuzen, hilaren 18tik 21era dute hitzordua Holandako Volendam hirian.

 

Lehendik badaki zer den Munduko txapeldun izatea Beti Gaztek, 1999. urtean Irlandan, 2000.ean Holandan eta 2004an Eskozian lortu baitzuen urrezko domina. 2004az geroztik ez da Munduko txapelketan aritu gizasemeen taldea (emakumeen taldea lehen eta azken aldiz 2010ean Italian lehiatu zen, Cesenaticon).

Orduan txapeldun izandako beteranoen eta gazteen arteko nahasketa dute aurtengo taldean: Gerardo Telletxea da beteranoena, 47 urterekin eta Xuban Larretxea eta Julen Palenzuela gazteenak, 18rekin. Pisu arinenetan ariko dira, 600 eta 560 kiloko kategorietan.

 

Euskadiko txapelketa

Nafarroako txapeldun izan ondotik, eta Holandara abiatu baino lehen, Euskadiko txapelketan parte hartu du Beti Gazte taldeak. Historikoki pisu arinenetan hobeki moldatu bada ere, 640 kilokoan zilarrezko domina jantzi zuen ustekabean. Itxaropen gehiago zituzten 600 eta 560 kiloko finaletan, baina bietan bosgarren izan dira. Beraz, gogotsu bai, baina Euskadikoan dominek emanen luketen babesarik gabe joanen dira Holandara. Ortzegunean 560 kilokoan lehiatuko diraeta ortziralean 600 kilokoan.

Euskal delegazioaren gehiena otsailaren 16an astearte eguerdian abiatuko da Bilbotik Amsterdamerako hegaldian eta handik autobusean Volendamera, tokira moldatzeko eta asteazkenean egingo den taldeen pisaketan bakoitzari dagokion pisuetan sartzea prestatzeko. Denak otsailaren 22an bueltatuko dira.

Munduko goma gaineko sokatira txapelketa bi urtetik behin ospatzen da, aurrekoa 2014an Irlandako Castlebar herrian ospatu zen. Gogoratuko duzuenez, 2014ko uztailaren hasieran Euskadiko Herri Kirol Federazioak TWIF-eko eskubide osoko kide izatea lortu zuen, ondorioz goma gaineko sokatira euskal taldeek aurten “Basque Country” ordezkatuz lehiatuko dira lehen aldiz goma gaineko munduko sokatira txapelketa batean.

 

Lesakako ordezkaritza

Gerardo TELLETXEA AIZPURU (Lesaka, 47 urte); Agoitz ALTZUGARAI MAIA (Lesaka, 26); Beñat ORONOZ INDA (Lesaka, 24); Juan Mari IRIGOIEN URROZ (Elizondo, 35);  Mikel APEZTEGIA MENDIBERRI       (Lesaka, 31); Carmelo MITXELENA MITXELENA (Lesaka, 41); Markel SUAREZ ANTXORDOKI (Lesaka, 26); Ander MITXELENA TAPIA (Igantzi, 24); Paxkual TABERNA ZUBIRIA (Lesaka, 43); Ion SILVEIRA ETXEBERRIA (Lesaka, 37); Stephane MITXELENA (Ezpeleta, 35); Xuban LARRETXEA ALTZUGARAI (Lesaka, 18); Lander LANDIRIBAR GOIENETXE (Amaiur, 24); Beñardo IANTZI MITXELENA (Lesaka, 45); Julen PALENZUELA ETXEPARE (Lesaka, 18); Iñigo ALTZUGARAI LEGAZKUE (Lesaka, 27)

Prestatzailea: Iosu IRIGOIEN RECLUSA (Lesaka, 41)

Laguntzaileak:Joxe Angel MITXELENA, Oskar TELLETXEA eta Bixente IGARTZABAL.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun