Euskadiko pertiga jauzi txapelketa irabazi du Patti Sanz lesakarrak kadete mailan

Ttipi-Ttapa 2016ko ots. 16a, 07:49

Patricia Sanz Feito lesakarra Anoetan, pertiga jauzian urrezko domina lortu eta gero.

Irungo Txingudi Atletismo Taldean ari den 13 urteko atletak 2 metro eta 10 zentimetroko jauzia egin zuen

Bizpahiru urte daramazki Patti Sanz Feito lesakarrak Irungo Txingudi Atletismo Taldean entrenatzen. 13 urte egin ditu eta aurten hasi da konpetitzen, kadete kategoriako lehen urtean. Otsailaren 13an Donostiako Anoeta belodromoan jokatu zen Euskadiko atletismo txapelketan, pertiga jauzian txapeldun izatea lortu zuen, 2 metro eta 10 zentrimetroko jauziarekin.

 

2002ko jaioa, apirilean eginen ditu 14 urte Patti Sanzek. Duela bizpahiru urte hasi zen entrenatzen Irunen, Mari Carmen Mendez eta Maialen Oiartzun prestatzaileen eskutik, baina konpetizioari aurten ekin dio. 60 metroko lasterketak, 60 metro hesiekin, luzera jauzia, pertiga jauzia… atletismoko disziplina ezberdinetan trebatzen da eta astean bizpahiru entrenamendu egiten ditu, gustora. Dudarik ez, pertiga jauzian lortutako urrezko dominak horretan segitzeko animoak emanen dizkio. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun