Duela gutti hildako dokumentalistari omenaldia eginen diote asteartean, otsailak 9, Iruñeko Baluarte Jauregian, Punto de Vista jaialdiaren barne. Ekitaldian Juan Antonio Urbeltz etnografoarekin batera, Pio Caro Barojaren Nafarroa, lau urtaroak obran parte hartu zuten lekukoen testigantzak aditzeko aukera ere izanen da. Jaialdi honen lehenbiziko edizioa 2005ean egin zen eta orduko protagonistetako bat Pio Caro Baroja bera izan zen, eta urte hartan egin zituen adierazpenak ere gogora ekarriko dituzte jaialdian. 20:00etan hasiko da.
Oskar Alegriak 2005ean egin zion elkarrizketarekin batera, 1971n kokatutako Nafarroa, lau urtaroak bere obrako bi zati ikusteko aukera izanen da. Udazkena eta Negua, hain zuzen.
1. Pío Caro Baroja, elkarrizketa. (2005, 18 minutu) Oskar Alegria eta Orio Produkzioak-ek egina.
Duela 10 urte egin zen Gipuzkoa (1980) bere filmaren berredizioa zela eta. Filmaketetan izandako ibilerak, bere emozioak eta bizipenak eta kameraren gibelean bere etnografo lanak argitzen ditu elkarrizketan.
2. Nafarroa, lau urtaroak: Udazkena (1971, 27min)
Hirugarren urtaroa, lehenengo hotzen paisaiari dedikatua. Julio Caro Barojaren hitzekin, dokumentala ordu erdiko bidaia kronologikoa da, basoa gorritzen den eta airea ehizaz betetzen den urte-sasoi horretako erritoetan, baserriko lanetan eta jaietan barrena. 1971n gaude, Jim Morrison hil zen urte horretan, Greenpeace jaio zen, yankeek Vietnamen murgildurik jarraitzen zuten eta Apolo 14ak gizakiaren hirugarren oina Ilargian jarri zuen. Bien bitartean, gure mundu ttikian, Astibia aizkolariak garaipena erraz lortzen zuen herrietako plazetan; Etxalarko elizan azken argizaiolak su zeuden eta Berako baserrietan sagardoa egiten segitzen zuten. Mahats-bilketa, Bardeetara transhumantzia edota San Migel eta bere erreguteak ere ageri dira. Eta Corteseko makila-dantzatik Etxalarko sareetara.
3. Nafarroa, lau urtaroak: Negua (1971 39 min
) Urdiaingo tradizioa, Ituren, Aurtiz eta Zubietako joaldunak, Lesakako Olentzero, Malerrekako joare-egileak... Horiek ageri dira zati honetan.