Gaur egun 350 langile ditu Zalain Transformados lantegiak eta Condesa taldean sartuak daude oraingoz, Euskal Herriko bertze hiru lantegirekin eta nazioartean dituzten bertze bortz lantegirekin batera. Zalaingo Lantegi batzordeak jakinarazi duenez, «2014ko martxoan taldeak zeukan finantza arazoak zirela medio Condesa taldea eta ondorioz Zalain Transformados hornidurarik gabe gelditu zen eta lan zama izanik ere, lana behar bezala ezin atereaz egon ziren». Taldea aurre konkurtso egoeran sartu zen, eta konkurtsoan sartzeko epea bukatzeko egun bat falta zenean ArcelorMittalek eta banku kontsortzio batek akordio bat lortu zuten taldeko lantegi batzuen kontrola hartzeko, tartean Zalain Transformados. Gelditzen zen azken tramitea Europako konpetentzia batzordearen oniritzia zen eta urtarrilaren 29an gauzatu zen.
Condesa taldeak Eguberrietako eta urtarrileko aparteko bi soldatak ez dizkiela ordainduko jakinarazi die eta hauek mobilizazioetan hasi dira. Zalaingo langileek txanda bakoitzean lau orduko lan uzteak egin zituzten urtarrilaren 18an. Ondotik, paga bakoitzaren %25 bakarrik ordaindu zutela ikusita, otsailaren 2 eta 4 bitarteko txanda bakoitzean bertze lau ordutako lan uzteak egin dituzte. Langileen ordezkariek eta langileek batzarretan argi utzi dutenez soldataren osotasuna kobratu arte ez dituzte mobilizazioak utziko eta beraz ordaindu ezean mobilizazio gehiago aurre ikusten dira.