Freestylean denboraldi berriari ekin dio Martxel Arribillaga beratarrak

Ttipi-Ttapa 2016ko urt. 29a, 09:15

Martxel Arribillaga beratarra, bere salto ikusgarrietako batean.

Munduko onenen artean sartzeko lehian dabil eta Bilbon lehen aldiz Backflip bikoitza salto zaila egitea lortu zuen abenduaren 26an

22 urte bertzerik ez ditu Martxel Arribillaga biker beratarrak, baina azken lauzpabortz urteetan freestylean profesional moduan lehiatzen da. 2010etik honat Espainiako lau onenen artean dago (2010ean eta 2012an Espainiako txapeldun izan zen) eta gaur gaurkoz, munduko onenen artean lehiatzen da. 

 

Horren erakusgarri, 2015ean Costa Rican izan da: «Urtero, Costa Rican X-knights izeneko munduko freestyle potentenetariko bat egiten da, motocrossa eta bizikletak batera. Aurten, mundu guztiko 8 txirrindulari hautatu dituzte eta ni nengoen horien artean. Maila honetako erakustaldi batera gonbidatzeak ez du izenik neretzako», aipatu digu Arribillagak.

Ez da 2015ak utzi dion lorpen bakarra. Aspalditik lortzeko asmoa zuen salto berezi bat gauzatzeko aukera izan du Bilbon abenduaren 26an, Blackflip bikoitza. «Munduan jende guttik lortzen du eta ni izan naiz lortu duen lehen euskalduna –dio harrotasunez Berako txirrindulariak–. Laburbilduz, airean, gibelka bi boltereta ematea da. Backflip bikoitza oso gutxi ikusten den salto bat da eta aspalditik lortzeko asmoa nuen, baina egiteko momentua ailegatzen zen guztietan, atzera botatzen nintzen, saiatu gabe. Azkenean, entrenamendu aunitz eta gero eguna ailegatu zen eta lortu nuen behingoz”. Horretaz gain, hainbat salto berezi (eta oraindik izen bereziagoa dutenak) egiten ditu Arribillagak: 360 superman, Backflip Tailwhip, Backflip Superman, Tailwhip hirukoitza eta Frontflipak

Bere palmaresari erreparatuz, aipatu bezala, 2010ean eta 2012an Espainiako txapeldun izan zen profesionaletan eta FMB World Tourrean hasi zen: «Orduz geroztik –dio– Alemania, Suitza, Kanariar Uharteak, Italia, Belgika, Austria, Polonia, Frantzia, Costa Rica… eta hainbat tokitan ibili izan naiz urtero». Munduko onenen artean bosgarren postua izan da lortu duen markarik onena, «horien artean destakatzea gaur egun oso zaila da eta hortan nago…», aipatu digu. Hainbertze salto, zilipurdi eta hegaldiren artean, noizbehinka erortzea eta min hartzea ere suertatu zaio, baina ez da kexu: «Lesio aldetik, suerte asko izan dudala uste dut baina halere, orkatileko ligamentoak hautsi nituen, 7 edo 8 bihurdura, zerbikaletako bihurdura, zuntz hausturaren bat eta kolpe asko asko!, baina besterik gabe», onartu du irriz.

Urte berriarekin denboraldi berria prestatzeari ere ekin dio eta aurtengo helburua, «asko bidaiatzea eta 2015eko markak hobetzea izango da inongo lesiorikan gabe». Munduan harat honat ibiltzeko babesleak ere behar ditu Arribillagak eta gaur egun Indarri instalakuntzak, Scott, Enoch Prophet Clothing, Funbox Factory, Klae eta Irrisarri Land dira. Hain zuzen, Igantziko parkea erabiltzen du saltoak egiteko eguraldi ona denean, «instalazio oso onak baititu entrenatzeko, menditik jautsierak eta rampa bikainak, baina batez ere Indarrin entrenatzen dut, aitaren pabilioian».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun