Gregorio Mitxelena omendu dute Arantzako I. Trikitixa Jaialdian

Ttipi-Ttapa 2016ko urt. 27a, 10:19

Gregorio Mitxelenak, udal kultur zinegotziaren eskutik jaso zituen opariak.

Inauterietako egitarauaren barrenean egin zen larunbatean eta jendetza bildu zen frontoian

Ilbeltzaren 23an, larunbat arratsaldean, estreinekoz Arantzako Trikitixa Jaialdia antolatu zuen udalak, bertze zenbait erakunderen laguntzaz. Arantzako trikitilariekin batera, Euskal Herri osoko hainbat trikitilari aritu ziren eta ustekabean, udalak omenaldi hunkigarria eskaini zion Gregorio Mitxelena herriko musikariari. Ikusi Mikel Larretxearen argazkiak

 

Arantzako trikitilariez gain, Doneztebeko Agorreta, Berako Isidoro Fagoaga eta Lesakako udal musika eskolakoak; Etxalar eta Elizagoien ahizpak trikitilariak; Lesaka, Mendaur, Irats eta Xabi Urtasun Trikitixa eskolako ikasleak eta dantzariak ere igoko ziren taulara. Zehazki, Doneztebeko Erreka eta Azkoitia-Azpeitiako Sahatsa dantza taldekoak aritu ziren bi orduko saioan. Jendetzak bete zuen Arantzako frontoia.

 

Gregorio Mitxelenari omenaldi hunkigarria

Arantzako Udalak omenaldia eskaini nahi izan zion Gregorio Mitxelena herriko musikariari. Urtetan, akordiolari, txistulari, organujole eta atabalari izateaz gain, txistu eta irakasle ere izan da herriko hainbat gaztetxorentzat eta omenaldian aipatu zenez, «borondate izugarrizko gizasemea, belaunaldi ezberdinen kultur transmisioan zubi eta berritzaile handi».

Bi bertso eder kantatu zizkioten eta Igor Ugalde, udal kultur zinegotziak koadroa eta oroigarria eman zizkion opari, herriaren izenean. Ondotik, Beñat eta Andoni semeekin batera pieza bat jo zuen, entzuleen txalo zaparrada jasoz.

Bertze gainerakoan, asteburuan inauteriak ere giro ederrean ospatu dituzte Arantzan, ortzegunetik larunbatera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun