Larunbateko kaldereroek iragarriko dituzte Berako inauteriak

Ttipi-Ttapa 2016ko urtarrilaren 27a

Kaldereroek larunbatean eginen dituzte Beran beraien ohiko harat-honatak eta ezkontza.

Entsaioa ortzegun arratsaldean eginen dute Musika Eskolan

Berako inauteriak iragartzera etorriko dira aurten ere Kaldereroak. Urtarrilaren 30ean, larunbat arratsaldeko 7etan eginen dute bere ohiko ibilbidea, Illekuetatik Herriko Etxeko Plazara, Altzate, Legia, Zahar Etxea, Eztegara, Iturlandeta, Eztegara, Bidasoa karrika eta San Esteban karrikan barna pasatuta. Euria eginen balu, Altzateko pilotalekuan eginen litzake ekitaldia.

 

Larunbatekoa prestatzeko entsaioa berriz, ortegunean arratseko 7:30ean eginen da  Musika Eskolan.

 

Inude eta Artzaien entsaioak

Bertze aldetik, inude eta Artzaien egunerako Eztegara pilotalekuan eginen diren entsaioak ere iragarri ditu Gure Txokoa dantza taldeak. Lehenbizikoa otsailaren 3an eginen da, asteazkenarekin eta bigarrena otsailaren 5ean, ortziralarekin. Biak arratseko 8etan izanen dira Eztegara pilotalekuan. Bertan, bazkarirako txartelak ere salgai izanen dira.

 

Inauteriak heldu den astean

Inauterietako egitaraua otsailaren 3an, asteazken arratsaldeko 6etan hasiko da, Isidoro Fagoaga Udal Musika Eskolako ikasleek Kultur Etxean eskainiko duten Inauterietako kontzertuarekin.

Biharamonean, Ortzegun Gizen eguna izanen da. 15:45ean abiatuko da kalejira suhiltzaileen parketik Eztegara pilotalekura. Eguraldi txarra eginen balu, zuzenean Eztegara pilotalekuan geldituko lirateke 16:00etan. Ondotik, 16:30ean, Big Band Bum Dantza Dezagun emanaldia eskainiko dute Eztegara pilotalekuan.

Otsailaren 7an, igandearekin, inude eta artzaiak ibiliko dira karrikaz karrika. Goizeko 10etan abiatuko dira Eztegara pilotalekutik. Goizeko ibilaldiaren ondotik, bazkaria eta arratsaldeko 6etan berriz ere abiatuko dira Eztegara pilotalekutik Altzateko karrikara.

Otsailaren 8an, Inauterietako Astelehenean, goizean zingar-arraultzea eginen dute koadrilek auzoz auzo eta karrikaz karrika eta eguerdi aldera karrozak eta mozorroak ikusiko dira karriketan. 19:00etatik 20:00etara batukada izanen da Batuklang taldearekin Altzateko karrikan.

Berako Udalak, Berako Kultur Batzordeak eta Gure Txokoa elkarteak antolatu dituzte inauteriak, Berako Musika Bandaren, Labiaga Ikastolaren, Jesusen Bihotza Ikastetxearen, Ricardo Baroja Eskola Publikoaren, Toki Ona Institutuaren eta Isidoro Fagoaga Udal Musika Eskolaren laguntzarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun