Lesakako udal kiroldegiak erronka berezia proposatu du Bidasoko Trenaren mendeurrenerako

Ttipi-Ttapa 2016ko urt. 26a, 09:35

Otsailean igerian egiteko erronka berezia egin du Lesakako udal kiroldegiak.

Ehun lagunek baino gehiagok eman dute izena igerilekuan otsailean trenak egiten zituen ibilbideak igerian osatu nahian 

Otsailaren 1ean ehun urte beteko dira Bidasoko Trena, Tren Txikito zena, inauguratu zutenetik. Mendeurrena gogoratu eta omenaldia egiteko asmoarekin, Lesakako Udal kiroldegiak erronka berezia luzatu die erabiltzaileei, «bakoitzak bere buruarekin egin beharrekoa». Otsailean zehar, trenaren ibilbide ezberdinak igerilekuan osatzeko aukera eman dute, igerian egiteko sei erronka ezberdinetan.

 

Lesakako udal kiroldegiaren proposamenak arrakasta izan du, ehun lagun baino gehiagok eman baitute izena gaurgero, sei erronketakoren bat osatzeko. Otsailaren 1etik 29ra (inauterietako astelehena, otsailaren 8an izan ezik) honako aukera hauek izanen dituzte udal igerilekuan: Lesakako zubitik Endarlatsara (8 kilometro, igerilekuko 320 luze, 12 luze egunean); Lesakako zubitik Sunbillara (16 km, 640 luze, 23 luze egunean); Lesakako zubitik Legasara (23 km, 920 luze, 33 luze egunean); Endarlatsatik Legasara (31 km, 1.240 luze, 45 luze egunean); Behobia-Legasa (40 km, 1.600 luze, 58 luze egunean) eta Tren Txikitoren ibilbide osoa, Behobitik Elizondora (51,5 km, 2.080 luze, 74 luze egunean).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun