Zilarrezko domina lortu du Beti Gaztek Euskadiko 640 kiloko sokatira txapelketan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko urt. 25a, 07:46

Beti Gazte azpitxapeldun izan da ustekabean, 640 kilokoan. Argazkia: Xagu

Ilbeltzaren 23an Ibarran jokatutako finalean, azpitxapeldun izan zen Bizkaiako Muruetaren gibeletik

Ezpeletan ilbeltzaren 10ean eta Bermeon ilbeltzaren 17an jokatutako saioen ondotik, ilbeltzaren 23an, Ibarrako Belabieta kiroldegian jokatu zen Euskadiko goma gaineko sokatira txapelketaren finala, 640 kiloko kategorian. Lesakako Beti Gazterek ezustea eman zuen eta zilarrezko domina jantzi zuen, azpitxapeldun izan baitzen, 680 kiloko txapela ere jantzi zuen Bizkaiako Muruetaren gibeletik. Ezpeletako Ñapurrak taldeak osatu zuen podiuma.

 

Laugarren postua Abadiñok eskuratu zuen, bosgarrena Sokarri eta seigarrena Ibarra.

Beti Gazte taldeak, Pascual Taberna entrenatzailearen erranetara, beteranoak eta gazteak nahasten dituen honako zortzikotea jarri zuen goma gainean Ibarran: Markel Suarez, Carmelo Mitxelena, Julen Palenzuela, Lander Landiribar, Beñardo Iantzi, Juanma Irigoien, Beñat Oronoz eta Gerardo Telletxea.

Emakumezkoen 500 kiloko txapelketaren lehen jardunaldia ere larunbatean jokatu zuten Ibarran Badaiotz, Gaztedi eta Ibarra taldeek.

 

600 eta 560 kilokoak

Behin 640 kiloko finala jokatuta, gizasemeen 600 kiloko bigarren jardunaldia jokatuko dute urtarrilaren 30ean Berriozarren eta finala otsailaren 6an jokatuko dute Idiazabalen. Emakumezkoen 500 kiloko saioak ere izanen dira. Otsalaren 13an, azkenik, Erandion jokatuko da gizasemeen 560 kiloko saio bakarra.

Euskadikoaren ondotik, otsailaren 18tik 21era Holandako Volendam hirian jokatuko den Munduko txapelketan parte hartuko du Beti Gazte sokatira taldeak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun