Arantzako inauteriak ilbeltzaren 21etik 23ra ospatuko dituzte

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko urtarrilaren 20a

Ortzegunean eskolara bixita eginen dute mozorro zuriek eta han ikasleek prestatutako bizkarrekoak paratuko dituzte.

Ortzegunean, bizkarrekoak jarriko dizkiete mozorroei eskolan eta hainbat ekitaldi prestatu dituzte

Ohikoa denez, Arantzan inauterien data ofizialei aurre hartu eta asteburu honetan ospatuko dituzte mozorroen bestak. Ortzegunean hasiko dira mozorro zuriak lanean eta baserriz baserriko eskean. Ortziralean ere halaxe ibiliko dira eta bertso afaria eta emakumeen afaria ere izanen dira. Larunbatean Arantzako I. Trikitixa jaialdia eta herri kirola izanen dute.

 

Hasteko, ilbeltzaren 21ean, ortzegun goizeko 9etan Mozorro Zurien gosaria izanen dute Primi ostatuan. Ondotik eskolako neska-mutikoei bisita eginen diete bizkarrekoak paratzeko. Segidan bi taldetan banatuta Mozorro Zuriak lau baserri auzoetara joanen dira Beñat eta Andoni Mitxelena akordeoilarien laguntzarekin. Azkilarrea eta Aientsa auzoak eginen ditu talde batek; eta bertze taldeak, berriz, Bordalarrea eta Eguzkialdea. Egun guztia baserriz-baserri eskean ibiliko dira. Arratsaldean mozorro besta eskolan. Gauean Mozorro Zurien afaria Primi ostatuan.

Ortziral goizean mozorro Zuriek gosaria izanen dute Primi ostatuan. Ondotik herrian barna eskean ibiliko dira musikarien laguntzarekin. Eguerdian Mozorro Zurien bazkaria Burlada ostatuan. Egun osoan eskolako neska-mutikoak baserriz baserri puxka-puxka ibiliko dira. Gauean bertso afaria izanen da Aterpean Sebastian Lizaso eta Anjel Mari Peñagarikanorekin. Gauean Emakumeen afaria eta gauerditik aitzinera dantzaldia Gorapean Beñat eta Fernandorekin.

Larunbat eguerdian Mozorro Zurien bazkaria izanen da Pabloeneean. Arratsaldean herriko ttiki eta gaztetxo mozorrotuen kalejira abiatuko da. 17:00etan aurtengo berrikuntza nagusia izanen da, Arantzako I. Trikitixa jaialdia eginen baita. Ondotik Mozorroek herri kirol saioa eskainiko dute. Gauean, Mozorro zuriek Ekaitza elkartean afalduko dute eta gauerditik aitzinera, Oharkabe taldearekin dantzaldia izanen da Gorapean.

Erlazionatuak

Puxka-Puxka Arantzako iñautitan!!

Xorroxin irratia 2016 urt 21 Bortziriak

Trikitixa jaialdia Arantzan

Xorroxin irratia 2016 urt 22 Bortziriak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun