50.000 lagun baino gehiagok bisitatu dute IrriSarri Land bigarren denboraldian

Ttipi-Ttapa 2016ko urt. 15a, 07:36

Irisarriko bestetan,bortz herrietako neska-mutikoen arteko jokoak egin zituzten.

Otsailaren 12ra bitarte itxia egonen da Igantziko abentura parkea, baina Fitur ferian emanen dute heldu den sasoirako berrikuntzen berri

Igantziko IrriSarri Land Abentura parkea itxita egonen da otsailaren 12ra bitarte. Aldi berean, denboraldi berria prestatzen ari dira eta horretan eskainiko dituzten berrikuntza interesgarrien berri emanen dute datorren astean Madrilen ospatuko den Fitur ferian. Bigarren denboraldian 50.000 lagun baino gehiagok bixitatu dute parkea, 100.000 lagun 2014ko apirilean ireki zenetik. 

 

2015ean ere parkeko eskaintza ludikoa handitu duten zenbait berrikuntza egin dituzte. Horien artean, aipatzekoa da Ikaztegia, Ikatzaren Museoa, talde eta ikastetxeei eskaintzen zaien hezkuntza baliabidea. Udaberritik aitzinera IrriSarri Express trena dabil ordutegi ezberdinetan eta Disc Golf edo Baxiren bila bezalako jokuak ere estreinatu dituzte. Parkeko kantu ofiziala ere iaz aurkeztu zuten. Joan den urteko martxoan Gladiators Day bertan egin zen eta aurten ere Igantziko parkea aukeratu dute kirol proba gogor hau egiteko.

Baina otsailaren 12an abiatuko den denboraldi berriak berrikuntza gehiago ere izanen ditu eta horien berri emanen du Joxe Elgorriaga gerenteak urtarrilaren 21ean Fitur Ferian, espreski ekoiztu den spot baten bidez. Bertzeak bertze, 2016an eginen diren Zaldiaren Feria handia, Irisarriko bestak, Irisarri Sendiaren topaketa edo Ikaztegian gauzatuko diren ekintzak aurkeztuko dituzte. Gastronomia arloan ere berrikuntzak izanen dituzte IrriSarrin eta Nafarroako Ostalaritza Elkarteak antolatuko duen Basoaren, Ehizaren, Onddo eta Zizen Jardunaldietan parte hartuko dute.

Azpiegituren arloan, gaur egun erabilera anitzeko eraikin bat egiten ari dira, otordu handiak edo enpresa bilerak egiteko eta talde handiei aterpe emateko baliatuko dena.

Otsailaren 12ra bitarte publikoarentzat itxita badago ere, aldez aurretik eskatuta enpresa, talde eta ikastetxeek parkea erabil dezakete.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun