Dominetatik urrun ibili da Beti Gazte Euskadiko lehen sokatira txapelketan

Ttipi-Ttapa 2016ko urtarrilaren 12a

Beti Gazteko tiralariak lanean larunbatean Laukizen. Seigarren izan ziren 680 kiloko Euskadiko txapelketan.

Seigarren izan zen 680 kiloko kategoriako saio bakarrean eta bosgarren 640ko lehen jardunaldian

Asteburu honetan abiatuk a goma gaineko 2016ko Euskadiko 8x8 sokatira txapelketa. Urtarrilaren 9an, larunbatean Laukizko (Bizkaia) probalekuan gizasemeen 680 kiloko jardunaldi bakarra jokatuko zen eta lehen txapela Bizkaiako Muruetak lortu zuen. Abadiñok eta Ibarrak osatu zuten podiuma. Lesakako Beti Gazte dominetatik urrun ibili zen, seigarren izan baitzen sailkapen orokorrean. Laugarren Ñapurrak izan zen, bosgarren Sokarri, zazpigarren Zudaire eta zortzigarren Asturiasko 6 Conceyos.

 

640 kiloko kategoriako lehen jardunaldian ere talde berak lehiatu ziren igandean. Hemen multzo bakarrean ari dira, denak denen aurka eta sei lehenbizikoek jokatuko dute azken saioa urtarrilaren 23an Ibarran. Beti Gazte bosgarren izan zen igandean Ezpeletan jokatutako lehen jardunaldian.

640 kiloko kategoriako bigarren jardunaldia urtarrilaren 17an jokatuko dute Bizkaian. Bezperan, urtarrilaren 16an, larunbat arratsaldean Zeberion 600 kiloko lehen jardunaldia jokatuko dute gizasemeek. Kategoria honetan, hameka talde lehiatuko dira eta lesakarrak ez ezik bertze bi talde nafar izanen dira: Txantrea eta Berriozar. Pisu arinagoetan dominetatik hurbilago ibiltzea espero dute lesakarrek.

Erran bezala, urtarrilaren 23an Ibarran 640 kiloko azken tiraldiak eginen dituzte. Urtarrilaren 30ean Berriozarren jokatuko dute 600 kiloko bigarren jardunaldia Berriozarren eta otsailaren 6an Idiazabalen (Gipuzkoa) jokatuko da azken jardunaldia kategoria honetan. 560 kiloko kategorian, azkenik, egun bakarrean erabakiko da txapela, otsailaren 13an Erandion (Bizkaia)

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun