Larunbat goizean eskalada tailerra egin zen Toki Ona kiroldegian, eta 60 bat neska-mutikok parte hartu zuten. Arratsaldean, Santa Barbarara oinezko mendi ibilaldia eta binakako kronoigoera egin ziren eta Manttaleko haurrek lasterka ere egin zuten.
Arratsaldeko 3etan abiatu ziren oinezko mendi ibilaldian parte hartu zuten 50 bat lagunek eta Larretagainera joan ziren, korrikalariak animatzera pasatzerakoan.
5,5 kilometroko erlojuaren kontrako lasterketan 56 bikotek eta hiru hirukotek hartu zuten parte, iaz baino hiru gehiago. Rikardo Baroja eskolaren paretik minutuero atera ziren partehartzaileak eta jendearen animoak bildu zituzten ibilbide osoan, baita hildako mendizaleak gogoratzen zituzten koloretako xingolak Santa Barbara gaineko hornidura lekuan ere. Ohikoa denez, lasterketa ez da konpetitiboa, baina bikoteen denborak hartu zituzten eta panel batean erakutsi. Horien artean, Joseba Larralde eta Fernando Etxegaraik osatutako bikoteak lortu zuen denborarik onena (24 minutu eta 58 segundo). Baina erran bezala, parte hartzea zen garrantzitsuena eta alde horretatik Berako Sole Garmendia eta Aitziber Iturria ama-alabak edo Lesakako Txutxi eta Ganix Arruti aita-semeak eta bertze zenbait aipatzekoak dira. Manttaleko korrikalari aunitz atera ziren proban.
Probaren ondotik, partehartzaileentzako berendua eskaini zen eskolako jangelan eta oparien zozketak ere egin ziren.
Beranduago, 19:30ean Kultur Etxean, Patxi Goñi eta Anna Pujolen eskutik El Espíritu de Hermano Buhl dokumentalaren proiekzioa egin zen eta hemen ere jende aunitz bildu zen. Ikusentzunekoan, Patxi Goñi, Oscar Cadiach, Anna Pujol, Carles Figueres eta Jordi Boschek 2015ean Broad Picken egindako espedizioa erakutsi zen. Cadiachek, Karakorum mendikatean dagoen 8.052 metro altuerako mendi honekin bere hamalaugarren eta azken zortzimilakoa burutzea bilatzen zuen. Espedizioak ezin izan zuen helburua lortu baina inoiz ezingo dute ahaztu, egoera larrian zaurituta zegoen japondar mendizale baten erreskatean parte hartu baitzuten eta istripu baten ondorioz sherpa bat hil zen. Bortz alpinistek zauritutakoa lehenego baseraino jeitsi zuten zauriak sendatzeko.