Euskadiko 8x8 sokatira txapelketa asteburuan abiatuko da

Ttipi-Ttapa 2016ko urtarrilaren 8a

Euskadiko launakakoa irabazi ondotik, txapelketa nagusian txapelen bat lortzen saiatuko da Beti Gazte.

Lesakako Beti Gazte izanen da eskualdeko ordezkari bakarra kategoria guztietan

Asteburu honetan abiatuko da goma gaineko 2016ko Euskadiko 8x8 sokatira txapelketa. Urtarrilaren 9an, larunbatean 17:00etan Laukizko (Bizkaia) probalekuan gizasemeen 680 kiloko jardunaldi bakarra jokatuko da, beraz, lehen txapela ere banatuko da. Emakumezkoen 540 kiloko lehen jardunaldia ere jokatuko da. Igande goizeko 11:30ean, Ezpeletako (Lapurdi) Merkatu plazan, gizasemeen 640 kiloko lehen jardunaldia jokatuko da.

 

680 kiloko kategorian, Lesakako Beti Gazte izanen da eskualdeko ordezkari bakarra. Lesakarrekin batera, Ibarra (Gipuzkoa), Ñapurrak eta Zuraide (Lapurdi), Abadiño, Sokarri eta Murueta (Bizkaia) eta 6 Conceyos (Asturias) lehiatuko dira. Bi multzotan banatuak ariko dira, Abadiño eta Ibarra multzoburu direla. Multzo bakoitzak denek denen aurkako ligaxka bat eginen du eta multzoetako lehenbizikoak bertzeetako bigarrenen kontra ariko dira finalerdietan. Multzoetako hirugarren eta laugarrenek ere, bosgarrenetik zortzigarrenera arteko postuak erabakitzeko lehiatuko dira.

640 kiloko kategorian ere talde berak lehiatuko dira igandean. Hemen multzo bakarrean ariko dira, denak denen aurka eta sei lehenbizikoek jokatuko dute azken saioa urtarrilaren 23an Ibarran.

Emakumezkoetan, 540 eta 500 kiloko kategorietan, Ibarra, Gaztedi eta Badaiotz ariko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun