Bortzirietako bolondresak bultzatzeko 3.500 euro jaso diru Elkarrizan taldeak

Ttipi-Ttapa 2016ko urt. 8a, 07:22

Jokin Apezetxea, Javier Almandoz, Alfredo Obeso eta Juan Miguel Eraso, dirulaguntza emateko ekitaldian.

La Caixaren Gizarte Ekintzaren eskutik

La Caixaren Gizarte Ekintzaren eskutik 3.500 euroko laguntza jaso du Elkarrizan bolondres taldeak, Bortzirietan gauzatzen dituen boluntario ekintzak indartzeko. Elkarrizan 2008. Urtean sortu zen, krisiaren hasieran, eta bortz herrietan egiten du lan. Javier Almandoz eta Juan Miguel Eraso, Bera eta Lesakako CaixaBank bulegoetako zuzendariek eman diote laguntza Alfredo Obeso, Elkarrizar Bolondres Taldeko ordezkariari. Jokin Apezetxea, Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko teknikaria ere ekitaldian izan zen.

 

Elkarrizan Bolondres Taldeak bortz herrietako boluntarioak biltzen ditu eta gizarte bazterketa arriskua duten pertsonak laguntzen ditu, gehien bat. Bere zerbitzuen artean, adinekoei eta eriei laguntza eskaintzen die, ospitale eta zahar etxeetan; eta aisialdirako ekintzak egin dituzte ezintasunen bat duten pertsonekin, helduen alfabetizazio lanak eta adin ttikikoei eskola laguntza eskaintzen diete. Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen laguntzarekin, Bera, Lesaka, Etxalar, Igantzi eta Arantzako 8.500 bizilagun inguru artatzen ditu.

 

Hurbileko gizarte ekintza

Elkarrizanek jaso duen aportazioa CaixaBanken hurbiltasuneko Gizarte Ekintzaren baitan dago. 2015ean 1,536 milioi euroko aurrekontua izan zuten horretarako eta 428 toki ekimen bultzatu zituen, urtebete lehenago baino %40 gehiago. Nafarroako iparraldean 55 gizarte egitasmo bultzatu dituzte 2015ean, 121.000 euro baino gehiagoko inbertsioarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun