Liztor beltza
Udazkenean egindako bertze lanen artean, liztor beltzaren kabiak kentzeko egindako lanak ere azpimarratu ditu Berako Udalak. Aurten liztor aunitz ikusi da eta berandu arte, udazkena goxo joan baita. Guztira Beran 28 kabiri eman zaie pozoia. Batzuek suhiltzaile boluntarioek tratatu dituzte eta bertzeak berako mendi batzordeko kide, erlezain eta boluntarioek.
Udaberri aldera tranpak jartzea ere hagitz garrantzitsua da liztor beltzaren aurkako borrokokan. Udaberrian ateratzen dire erreginak eta ahalik eta gehien harrapatzea nahi dugu. Udalak erlezainen artean tranpak banatzea aurreikusi du, baita hauen barrenean jartzeko edaria ere.
Urte berriari begira
Urte bukaeran onartu ditu Berako Udalak 2016rako aurrekontuak. «Aipatu nahi dugu aurrekontuak orekatzeko ez dugula krediturik eskatzea aurreikusten» azpimarratu dute Herriko Etxetik. Udalaren egoera ekonomikoa ez da txarra baina zorpetze maila jaisten segitzea ezinbertzekoa iruditzen zaio, bankuen maileguen menpe ez egoteko.
Bide honetan 2016rako lanik aipagarrienak hauek izanen dira: Lesaka-Bera ur hornidura, berako udalak 90.000 euro inguru jarri beharko ditu. Bertze inbertsio nagusia Eztegara frontoia berritzearena izanen da. Aurten zati ttiki bat eginen da eta gainerakoa heldu den urtean. Obrak bukatutakoan frontoian 750 pertsona inguru sartu ahal izatea aurreikusten da eta ostatua ere mantendu ahal izatea espero dute. Urtean zehar ekitaldi jendetsuak egiten dira frontoian eta hau behar bezala ibili ahal izateko ezinbertzekoak dire lan hauek. Lan hauez gain udalak herriko auzoetako moldaketa ttikiei garrantzia eman nahi die auzo batzarretan ateritako gabeziak moldatuz. Momentuz batzuk egin dira, Bortziriak auzoko kaleak lotzeko buelta eta Musika eskolako karrika zatia.
Dirudienez 2016 urtean barrenean egin ahal izanen da azkenean Lesaka-Bera ur hornidurako proiektua. 2009-2012 planaren barrenean zeuden obrak bukatzeko asmoa du Nafarroako Gobernuak 2016 urtearen barrenean eta lan hauen barrenean sartuko omen da Lesaka eta Berako ur hornidura bermatzeko proiektu hau. 1.600.000 euroko aurrekontua du eta %90 Nafarroako Gobernuak jarriko du.
Ur kontuekin segituz, «poliki-poliki ur sarean berrikuntzak eginez eta kontsumo ohiturak hobetuz lortzen ari garela Berako ur kontsumoa jaisten», jakinarazi dute Herriko Etxetik. Urte honetan berritu den Bidasoa kaleko ur sareak galerak ttikitzea lortu du eta urte berrian ere bide horretan segitu nahi dute. Ur sarea sektorizatzen ari da udala eta sektore bakoitzaren hasieran kontagailua jartzen, modu honetan ur sarearen adar bakoitzean ze kontsumo den aztertuz eta ur galerak non dauden zehaztuz, gero moldaketak egiteko lehentasunak jarriz. «Horrela jakin dugu adibidez, Berako plazatik, plaza zaharrera joaki den adarrean 66 metro kubiko galtzen direla egunean».