Olentzero eta jaiotzen lehiaketak eginen dira ortzegunean Lesakan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015eko abenduaren 22a

Olentzero eta jaiotza lehiaketa ortzegun eguerdian eginen dute Lesakan.

Eskualdeko bertze hainbat herrietara ere jautsiko da Olentzero

Heldu den ortzegun eguerdian, abenduak 24, urtero bezala Olentzero eta Jaiotzen lehiaketa ospatuko du Lesakako Plaza Zaharrean. Azken urteetako ohiturari eutsiz, aitzinetik izena eman beharko dute taldeek eta horretarako azken eguna gau, abenduak 22 izanen dute, 09:30etik 15:00etara Turismo Bulegoan (Beheko Plaza 5).

 

Urtero bezala, Olentzero lehiaketako partaideak hiru mailatan banatuko dira: 10 urte arteko haurrak; 11 eta 15 urte artekoak eta 16 urtetik goitikoak. Sariketara joan behar duten taldeak guttienez 6 pertsonakoak izanen dira eta bi abesti kantatuko ditu: bata, nahitanahiez Olentzero buru haundia eta bigarrena talde bakoitzak nahi duena. Talde bakoitzari, Olentero, janzkera eta abestia, bat banaka puntuatuko zaio, eta puntuazio orokorra hiruren batuketa izanen da. 11-15 urte arteko taldeetan gaztetxoek beraiek egindako lana baloratuko da. Lehiaketa eta ondorengo sari banaketa plazan izanen da eta 11:30erako Olentzeroak eta Jaiotzak bertan egon beharko dute. Kategoria bakoitzean banatuko diren sarietaz gain, olentzero hoberenari Esparza Saria emanen zaio, eta hobekien abesten duen Olentzero eta Jaiotzarentzat ere, Lesakako Zerbitzuen Elkarteak ehuna euroko sariak emanen ditu. Ilunabarrean Olentzero irabazlea kalejiran ibiliko da Musika bandaren laguntzarekin.

Azken urteetan bezala, lehiaketatik kanpo ere parte hartzeko aukera izanen da, ondotik izanen den jaialdian.

Lesakako Udaletik Olentzero ez xehetzea aholkatu dute, honek haurrengan duen eraginagatik. Bertzalde, Olentzeroak xehetuz gero, biltzeak suposatzen duen kostua xehetu duen taldearen gain joanen da.

Lehiaketarik ez, baina eskualdeko bertze hainbat herrietan ere izanen du hitzordua Olentzerok ortzegunean. Gehienetan musika doinuekin eta kantuz emanen diote ongietorria, eta neska-mutikoek beraien eskutitzak ere emanen dizkiote. Ea bada, ortziral goizean gustoko oparia topatzen duten!

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun