Ipuin lehiaketako sariak banatu ditu Lesakako Beti Gazte elkarteak

Ttipi-Ttapa 2015ko abe. 21a, 08:46

Beti Gazteko II. ipuin lehiaketan saritutakoak.

90 neska-mutikok parte hartu dute bigarren edizio honetan

Lesakako elkartearen 75. urteurreneko ekitaldien baitan, bigarren aldiz ipuin lehiaketa antolatu du Beti Gazte elkarteak, Lesakako Lehen Hezkuntzako 3, 4, 5 eta 6. mailako ikasleei zuzendua.

Lehiaketaren gaia kirolarien esfortzuan oinarriturik zegoen. Erran bezala, parte-hartze handia izan zen eta horregatik, «bai Irain Eskola publikoko baita Tantirumairu ikastolako irakaslegoari lehiaketan izan duten konpromisoa» eskertu die Beti Gaztek eta ehuna euroko saria eman diete bi ikastetxeei. Sari banaketaren aitzinetik, Beti Gazteren himnoaren euskarazko hitzak eginak dituen Manolo Arozenak bertso batzuk kantatu zituen.

Sariei dagokienez, 3. eta 4. mailako ikasleak biltzen zituen A mailan, lehenbiziko saria Janire Otxandorena Mitxelenak eskuratu du, bigarrena Maitane Erkizia Arburuak eta hirugarrena Maider Mitxelenak.

B mailan, (5. eta 6. mailak) lehen saria Naroa Garbisu Etxabidek eskuratu zuen; bigarren saria Sara Txoperena Lacarrentzat izan zen eta hirugarren saria ex aequo jaso zuten Ibon Urrosolo Elgorriaga eta Oihana Arruti Terrerosek.

Neska-mutikoek bale batzuk jaso zituzten sari bezala. Hauekin irakurketa liburuak bakarrik  eros ditzakete Lesakako liburudendetan. Horretaz gainera, kirol materiala eta Beti Gazteko historiari buruzko liburuak ere zozketatu zituzten abenduaren 18an egindako sari banaketa ekitaldian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun