Fernando Mikelarena historialariak ‘Sin piedad’ liburua aurkeztuko du abenduaren 17an Beran

Ttipi-Ttapa 2015ko abe. 15a, 08:15

Fernando Mikelarena, liburua Iruñean aurkeztu zuenean.

Ortzegun arratsaldeko 7etan hasita Beralandetan

Fernando Mikelarena Berako historialariak Sin piedad. Limpieza política en Navarra, 1936; Responsables, colaboradores y ejecutores, Pamiela argitaletxearen eskutik argitaratu duen bere azken liburua aurkeztuko du abenduaren 17an, ortzegun arratsaldeko 7etan Beralandetan, Berako Kultur Batzordeak antolatutako ekitaldian.

 

Historialaria 1936an Nafarroan suertatutako errepresio politiko itzelaz solastuko da Beralandetan. Izan ere, liburuan “borreroek” (maila ezberdinetan) buruturako errepresio politikoa jorratzen du Fernando Mikelarenak, Nafarroan suertatutako “garbiketa politiko”-aren egitura oso baten inguruan, dokumentazio ezezaguna emanez. Nafarroa estatu mailan lehenbiziko postuan egonen zen, Fronte Popularraren boto-emaileen erailketak erreferentzia hartuta.

Bertzaldetik, indarkeria politikoaren mekanismoen eta Memoriaren kudeaketaren inguruan hausnartzen du. Honek guztiak koherentzia eta ildo nagusi bat ematen dio bere dokumentazio lan eskergari; gisa berean, oraingo eta etorkizuneko Nafarroako gizartearentzat lezio baliagarria izanen da.

Fernando Mikelarena Peña (Bera, 1962). Historian doktorea UNEDen (1992), Zaragozako Unibertsitateko irakasle titularra da eta ehun artikulu baino gehiago idatzi ditu hainbat gairen inguruan: herrien historia, nekazaritzaren historia, gizartearen historia, antropologia historikoa, pentsaera eta ideologien historia eta Gerra Zibila eta errepresio faszistaren historia, gehienbat XVIII., XIX. eta XX. mendeetako Nafarroan arreta jarrita eta eskualdeko, estatuko eta nazioarteko aldizkarietan argitaratuak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun