Lesakako Abesbatzak eta soinulariek kontzertua eskaini dute Beti Gazteren 75. Urteurrenean

Ttipi-Ttapa 2015ko abe. 14a, 11:27

Abesbatzak eta Soinulariak taldeak, Musika Eskolako ttikiekin batera eskaini zuten Beti Gazteren himnoa.

Duela 21 urte estreinatu zuten Himnoaren euskarazko bertsioa eskaini zuten Musika Eskolako ttikien laguntzarekin

Lesakako Beti Gazte elkartearen 75. Urteurreneko ekitaldien baitan, kontzertua eskaini zuten Lesakako Abesbatzak eta Soinulariak taldeak abenduaren 12an Harriondoa Kultur Etxean. Marisol Perez, Xalbador Madariaga eta bi taldetan aritzen den Maider Goizuetak zuzendu zituzten bi taldeak, Txokobiko aretoa gainezka bete zuten entzuleen gozamenerako.

 

Emanaldiaren aitzinetik, Jose Luis Sunsundegi eta Modesto Maia, Beti Gazteko presidenteak eta 75. Urteurreneko ekitaldien koordinatzaileak eskerrak eman zizkieten urte osoan zehar ospakizunetan lagundu eta parte hartu duten talde eta pertsonei. Hain zuzen, Beti Gazte eta Gure Txokoako futbol talde nagusien arteko partida antolatzen ari direnez orain, larunbateko kontzertua urteurreneko azken aurreko ekitaldia izan zen.

Soinulariek eta Abesbatzak elkarrekin Ansorenaren Agurra jo eta kantatu zuten eta gero, batzutan soinulariak bakarrik, bertzeetan Abesbatza bakarrik eta bertzeetan berriz ere elkarrekin aritu ziren. Gainera, Lesakako Musika Eskolako ttikien laguntza izan zuten Paulo Yanciren Lesaka eta Beti Gazteren himnoa eskaintzeko. Hain zuzen, duela 21 urte Beti Gazte elkarteak Alhondigako egoitza berria inauguratu zuenean estreinatu zuten Himnoaren euskarazko bertsioa. Feliciano Beobidek bere garaian egindako doinuari, Manolo Arozena bertsolariak jarri zizkion hitzak eta Joaquin Silguero musikariak egin zizkion moldaketak eta instrumentalizazioa. Musika bandako zenbait musikariren laguntza ere izan zuten emanaldian: Maria Pombar teklatu eta akordeoiarekin, Juan Antonio Burguete eta Mikel Arriola bonbardinoarekin; Xabier Arriola eta Julen Suarez tronpetarekin eta Juanito Ordoki tubarekin eta Joseba Bertiz perkusioarekin.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun