Xabier Euzkitzek IrriSarri Landeko txondorra piztu du

Ttipi-Ttapa 2015ko abe. 14a, 08:32

Joxe Elgorriaga, IƱaki Perurena, Xabier Euzkitze eta Angel Mariezkurrena, txondorra piztu baino lehen.

Txondorra martxan izanen da Eguberrietako oporraldian 

Xabier Euzkitze arduratu da aurten Igantzin Irrisarri Landeko txondorra pizteaz. Bigarren urtez segidan, parkeko langileek txondor bat eraiki dute inguruko hainbat ikazkinen laguntzarekin. Kazetari, bertsolari eta aurkezle gisa, bertzeak bertze, egin duen ibilbideagatik omendu dute Euzkitze, euskaldunen hainbat belaunaldirentzat erreferentzizko pertsonaia mediatikoa izan baita.

 

Iaz omendu zuten Iñaki Perurenak pasa zion larunbatean eskultura-oroigarria Euzkitzeri. Joxe Elgorriaga parkeko gerenteak eta Angel Mariezkurrena Kantu Zaharraren antolatzaileak ere hartu dute parte ekitaldian. Omenaldia eta txondorraren piztea, hain zuzen, Txondorraren Eguneko jarduera nagusiak izan dira, baina ez bakarrak: txondorren egituraren simulazio bat eraiki dute, eta Ikaztegia. Ikatzaren Museoan bisita gidatu bat eskaini dute. Azkenik, Mariezkurrenak zuzendutako Kantu Kantari Afariarekin bukatu da eguna.

Irisarriko basoetako 15.000 kilo egur, gaztainondoa eta haritza, batez ere, erabili dituzte aurtengo txondorra eraikitzeko, eta banaz bertze, 8.000 kilo ikatz ateratzeko asmoa dute arduradunek.

IrriSarri Landeko lurretan eta inguruetan aspaldi errotu zen ikaztegiak eraiki eta  nork bere kontsumorako zein irabaziak lortzeko egur-ikatza ekoizteko ohitura. 500 urte baino gehiago dituen usadioa berreskuratzeko asmoz, baina baita ohitura ezagutzera eman eta lursailak garbitzeko ere, urtero txondor bat eraikitzea eta doako sarrera izango duten pizte ekitaldiak antolatzea erabaki zuen iaz IrriSarri Landek. Gainera, euskal kultura tradizionalaren hedapenean lan egin duen pertsona bat omentzeko baliatu nahi dute saioa. 2014an Iñaki Perurena izan zen lehen omendua.

Orain gutxi, Ikaztegia. Ikatzaren Museoa izeneko gunea inauguratu du parkeak. Estali gabeko interpretazio zentroa da, eta tamaina errealean egindako eraikuntzek egur-ikatzaren sortze prozesuko fase guztiak islatzen dituzte. Gainera, ikazkinak bizi ziren etxola ere eraiki dute, eta haiek erabiltzen zituzten tresnak ikus daitezke.

 

Pizte ekitaldia

Pizte ekitaldian Zubietako Joaldunek, Menditarrak taldeak eta hainbat bertsolarik hartu dute parte. Horren ostean, Kantu Kantari Afaria egin dute Angel Mariezkurrenaren gidaritzapean; gastronomia eta euskal abesti tradizionalak uztartu dituzte bertan. Txus Zabaleta sukaldaria arduratu da menuaz, eta Aitor Mendiluze, Aitor Ibarra eta Francisco Santxotenaren ahotsak izan dira entzungai.

Orain IrriSarri Landeko boluntarioek zainduko dute txondorra, eta dena ongi bidean, urtarrilaren hasieran hasiko dira ikatza ateratzen.

Irrisarrira joaten diren bisitariek txondor tradizional baten funtzionamendua eta mantenua nolakoa den ezagutu ahal izango dute Eguberrietan. Horretarako, Ikaztegia. Ikatzaren Museoa gunetik igarotzen den Interpretazio Ibilbidea du parkeak, baita IrriSarri Express izeneko trena ere, haur eta helduei bidaia eder bezain interesgarria eskainiko diena.

Parkeko arduradunen hitzetan, «Ikatzaren Museoa Gabonetan bisitatzen duten lagunek iraganera salto egingo dute, eta tokiko bizimodu tradizionala nolakoa zen ezagutzeko aukera izango dute».

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun