Euskadiko 4x4 sokatira txapelketa irabazi du Beti Gaztek

Ttipi-Ttapa 2015ko abe. 14a, 07:54

Beti Gazteko taldekideak kontent Euskadiko launakako sokatira txapelketa irabazi ondotik.

Abenduaren 12an Ibarran jokatutako finalean nagusitu zen 300 kiloko kategorian

Lesakako Beti Gazte sokatira taldeak Euskadiko 4x4 sokatira txapelketa irabazi du. Abenduaren 12an, larunbat arratsaldean jokatu zuten finala Ibarran (Gipuzkoa) eta nagusi izan ziren, Ibarra eta Sokarriren aitzinetik.

 

Txapelketan zehar laukote ezberdinak jarri ditu goma gainean Beti Gaztek, baina finalean honakoa aritu zen: Mikel Apeztegia, Agoitz Altzugarai, Gerardo Telletxea eta Agortxeberriko Karmelo Mitxelena.

Abenduaren 19tik aitzinera zortzinakako Euskadiko txapelketan hasiko da orain Beti Gazte, baina denboraldiko helburu nagusia otsailaren 18tik 21era Holandako Volendam hirian jokatuko den Munduko goma gaineko sokatira txapelketa izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun