Eguberrietako oporraldian haur txokoa eskainiko da Bortzirietan aurtengoan ere

Ttipi-Ttapa 2015ko abe. 10a, 08:12

Migel Mari Irigoien eta Jokin Apezetxea, Haur Txokoaren aurkezpenean.

Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak bultzatuta, abenduaren 18ra arte eman daiteke izena

Eguberrietan,  familiei kontziliazioa errazteko asmoarekin, Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen bidez  haur txoko edo ludoteka zerbitzua eskainiko da Arantzan, Beran, Etxalarren, Igantzin eta Lesakan abenduaren 23tik urtarrilaren 7ra (biak barne). Izen ematea abenduaren 18ra arte egin daiteke, 15 euroko kuota ordainduz.

 

Arantza, Igantzi eta Lesakan abenduaren 24an izanen dute besta eguna eta Etxalarren abenduaren 31n. Arantza eta Etxalarko eskoletan, Igantziko Barazarrean, Lesakako Harriondoa Kultur Etxeko liburutegian eta Berako Beralandetan eskainiko dute Haur Txokoa.

Izen ematea Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko 948 635036 telefonora deituz edo ssblesaka@lesaka.net helbide elektronikora idatziz egin daiteke abenduaren 18ra bitarte, 15 euroko kuota ordainduta.

 

Zer da haur txokoa edo ludoteka?

Haur Txokoaren aurkezpenean, Bortzirietako Oinarriko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko presidente den Migel Mari Irigoienek eta Jokin Apezetxea teknikariak aipatu zutenez, “Haur Txokoa da haurrek beren denbora librean kulturarekin eta harreman afektiboekin jostatzen eta gozatzen ikasteko gune bat, solidaritatean eta berdintasunean oinarritzen dena”.

Bidenabar, zerbitzu honen bitartez, gurasoei aukera bat ematen diete seme-alaben heziketa bateratu ahal izateko euren lanarekin edo denbora librearekin.

Bortzirietako haur txokoak koedukazioan ikasteko eta elkartzeko gune bat izan  nahi du, eta bertan parte hartuko dutenak bultzatu nahi ditu, balore solidarioak praktikan jartzeaz gainera, errespetuaren eta elkar laguntzaren garrantziaz gogoeta egitera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun