Tailerra abenduaren 19an, larunbat goizeko 9etan hasiko da eta 13:30ak bitarte kontzeptu orokorrak, haurren garapenean inguruaren garrantzia, inguru errealeko ohiturak, arazo sentsorialek eguneroko autonomian duten eragina, jarrera arazoetan arreta eta familia esku hartze tailer praktikoa landuko dira.
Jardunaldia goiz eta arratsaldez izanen denez, bertan bazkaltzeko aukera egonen da, eguneko menua eskaintzen duen jatetxe batek ekarriko baitu janaria. Elkarrekin indarrak berritu eta bidenabar esperientziak partekatzeko aukera izanen da otorduan.
Bazkariaren ondotik, animaliekin ekintza terapeutikoa landuko da. Esku-hartze metodoak, profesionalen betebeharrak, nori zuzendua eta kontraindikazioak eta animaliak baliabide terapeutiko gisa ataletan banatu da 15:30etik 18:30era antolatu den arratsaldeko saioa. Amaitzeko tailerra eginen da, ekintza terapeutikoa txakurrekin eta haurrekin.
Eskoletan informazioa eskaintzen duten triptikoak eskura daitezke. Izen emateko azkeneko eguna abenduaren 15a da. Kurtsoak 10 euro balio ditu eta bazkaltzera geratu nahi duenak 15 euro ordaindu beharko ditu. Izen emateko orria eta ordainagiria Bortzirietako edozein osasun etxetara eraman edo cslesaka@cfnavarra.es helbidera bidali beharko da.
Urte berriarekin, ikastaro berriak
Urtea amaitu arren, tailer eta jardunaldi berriak izanen dira urte berriarekin batera. Urte hasieran lehen sorospenei buruzko jardunaldia eginen da eta martxo-apiril aldera, berriz, haurren garapenaren inguruko tailer bat egiteko asmoa dago.