Euskal Herriko kluben arteko txapelketa nazionalean irabaziz hasi da Bortziriak taldea

Ttipi-Ttapa 2015ko abe. 9a, 08:57

Partida bakarra galdu zuen Bortziriak taldeak, binakakoa. Argazkian, Aldabe eta Errandonea eta Urizar eta Zugadi.

Abenduaren 5ean Markinaren kontra jokatuko kanporaketaren joanekoan, hiru partidetatik bi irabazi zituen eta hamar tantuko aldea atera

Euskal Herriko Kluben arteko bigarren txapelketa nazionalaren parte hartzen hasia da Bortziriak, bertze 20 klubekin batera. Lehen kanporaketako joaneko partidak jokatu zituen Markinaren kontra abenduaren 5ean Berako Eztegara pilotalekuan eta hiru partidetatik bi irabazi zituen. Hamar tantu gehiago ere atera zituen, heldu den igandean Markinan jokatuko dituzten itzulerako partidei begira.

 

Euskal Herriko kluben arteko txapelketa nazional honetan hiru partida jokatzen dira kanporaketetan: lau eta erdiaren barrenekoa, buruz buru kantxa osoan eta binakakoa.

Larunbatean Beran, lau eta erdiaren barrenean, Jon Olaizola lesakarra izan zen Bortzirietako ordezkaria eta 18-5 irabazi zion Markinako Arrizabalagari.

Buruz buruko partidan, kantxa osoan, Ugaitz Elizalde iturendarra aritu zen Bortziriak taldearen izenean eta 18 eta 6 irabazi zion Markinako Albizuri.

Binakakoan etorri zen Bortziriak taldearen porrot bakarra. Ander Errandonea beratarrak eta Joseba Aldabe igantziarrak 7 eta 22 galdu zuten Markinako Zugadi eta Urizarren kontra.

Beraz, ez zen berdintasun handirik izan partidetan eta azkenean 2-1 Bortziriak taldearen alde eta hamar tantuko aldea, abenduaren 13an Markinan jokatuko diren itzulerako partidei begira.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun