Bortzirietako bertso eskolaren XVII. Taldekako lehiaketa ortziralean abiatuko da Beran

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015eko abenduaren 9a

Urtero bezala, giro bikaina izanen da Bortzirietako taldekako bertso lehiaketan.

Bertze kanporaketak eta finala Lesakan eginen dira larunbatean

Bortzirietako bertso eskolak hamazazpigarren aldiz antolatutako Taldekako lehiaketa jokatuko da egunotan. Lehen saioa abenduaren 11n, ortziral arratseko 10etan jokatuko da Berako Katakun. Gainerako kanporaketak, finalerdiak eta finala abenduaren 11n eginen dituzte Lesakan. Denera, zazpi hirukotek eman dute izena. Ohikoa denez, txapelketa baino gehiago jostaketa izaten da taldekakoa eta ariketa aunitz jostagarriak izanen dira: Potokumeak, objetuari bertsoa, kanta bateri puntuka, trikixarekin koplatan, errimak kantatu ahala ematea…

 

Abenduaren 11n Katakun jokatuko den lehen desafio saioan, alde batetik Larungo Antenak taldea (Patxi Castillo, Aitor Elexpuru eta Julen Zelaieta) eta bertzetik Gorosterra ZU taldea (Iker eta Egoitz Gorosterrazu eta Eneko Fernandez) ariko dira.

Abenduaren 12an, larunbat eguerdiko 12:30ean Lesakako Teleboten jokatuko den kanporaketan, Bertze Balak (Xabier Terreros, Maddalen Lopez eta Jon Silveira) eta Egarrittuk taldea (Josu Sanjurjo, Iban Garro eta Ander Fuentes Itturri) ariko dira. Egun berean, 14:00etan Antoiun eginen den bazkariaren ondotik, Dinosauriuk (Bittor Elizagoien, Juan Mari Lopez eta Joxe Juan Zubieta Etxabe) Erratzuren kontra (Xabier Silveira, Alazne Untxalo eta Amaia Gorosterrazu) ariko dira. Xarutan 17:00etan eginen den hirugarren saioan, Larungo Antenak (Patxi Castillo, Aitor Elexpuru eta Julen Zelaieta) eta Fashion Team (Eneko Fernandez, Ioar Tainta eta Manu Goiogana ) ariko dira.

Ondotik, finalerdian txanda etorriko da. 18:30ean Haizegoan jokatuko dute lehenbizikoa Teleboteko irabazleek Antoiuko irabazleen kontra eta bigarrena 20:00etan Atxaspin izanen dute, Xarutako irabazleek galtzaile puntuatuenaren kontra.

Finala Arranon jokatuko da. 21:30ean afaria eginen da eta ondotik finala. Afarirako txartelak 15 eurotan  eros daitezke. Izena emateko bortzibertso@gmail.com helbide elektronikora idatzi edo 618963011 telefonora deitu behar da.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun