Prest dituzte abenduko Kultur Egunak Igantzin

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015eko abenduaren 3a

Hainbat ekitaldi antolatu ditu Euskara Batzordeak abenduaren 5etik 8ra

Urtero bezala, Igantziko Euskara Batzordeak abenduko zubia probextu du kultur ekitaldiak antolatzeko. Herriko hainbat eragileren artean prestatu dute programazioa, ohi bezala.

LARUNBATA, ABENDUAK 5

• 11:00etan hasita, eskolako portxean mural bat margotuko dute herriko gaztetxoek. Mural horretan emanen den mezuaren bitartez, batez ere gurasoak euskaraz solastera animatu nahi dituzte.

• 16:30ean, Baratzondon, herriko adinekoak eta haurrak elkartuko dira, hainbat mahai jokotan aritzeko (partxisa, karta jokoak…). Ondotik gaztain jatea izanen da.

IGANDEA, ABENDUAK 6

• 11:30ean herriko dantzarien emanaldia. Irailean egiten duten emanaldian ezin izaten dituztenez dantza guztiak eskaini, oraingo honetan 12 urte bitarteko dantzarien saioa izanen da. Herriari bueltan emanez eskainiko dituzte beren dantzak, eta bukaera plazan izanen da. Herri buelta ematen ari diren bitartean, Barberenera ailegatzean, eskolako ikasleek iaz Usandizaga musikagileari buruz eta Barberenea etxeari buruz egindako panela paratu eta azalduko dute.

• 16:30ean Baratzondo elkartean, haurrentzako Kontu eta kantu emanaldia izanen da, ipuina eta bertsoa nahasten dituen emanaldia, Fernando Anbustegiren eskutik. Ondotik txokolatada izanen da guztientzat.

ASTELEHENA, ABENDUAK 7

• 20:30ean Baratzondo elkartean, Ramon Agirre eta Inazio Tolosak Kokakola eta barea antzerki emanaldia eskainiko digute.

ASTEARTEA, ABENDUAK 8

• 12:00etan hasita, aurten ere ajoarriero txapelketa izanen da, iaz hasitako bide beretik. Nahi duen guziak izen ematen ahal du txapelketan parte hartzeko. Horretarako Biltoki elkartekoekin harremanean jarri beharra da, abenduaren 2a baino lehen. Parte hartzaileek ajoarrieroa prestatzen duten bitartean, toka txapelketa ere izanen da.

• 13:00 aldera ajoarriero dastaketa izanen da, nahi duen guziarentzat. Herritarrek aukera izanen dute, probatzeaz gainera, ajoarriero hoberenaren aldeko botoa emateko. Eta horrela erabakiko da irabazlea zein izanen den. Botoa ematen dutenen artean saria zozketatuko da.

• 18:30ean opil jatearekin batera Bertxotx emanaldia izanen da. Hiru motatako sagardoak probatzeko aukera izanen dute bertaratutako guziek. Bitartean enologo batek horiei buruzko azalpenak emanen ditu, eta bi bertsolarik osatuko dute saioa.

Erlazionatuak

Igantziko kultur egunak

Xorroxin irratia 2015 abe 04 Bortziriak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun