Abenduaren 4an, ortziralean, Ane Zabala eta Galder Perez aktoreen Gilkitxaro konpainiak Adarretatik zintzilik antzezlana eskainiko du 22:00etan Arranon. 1975. urtean jaiotako lagun biren komeriak antzezten dira bertan. 40 urte betetzeak dakarren krisialdi sakona. Ume zirela, 80ko hamarkada Euskal Herrian bete-betean pairatu zuten. 90eko hamarkadan gaztetu ziren eta 2000 efektuari aurre egitea lortu zuten. Jogurt potoak hari batekin lotuta lagunekin berba egiten zuten aspaldi eta, gaur egun, sare sozialetan galdu egiten dira. 40 urte bete berri dituzten pertsonaia bi krisian bizi dira. Senar-emazterik ez, seme-alabarik ez, autorik ez, hipotekarik ez… Mundu honetakoak dira ala adarretatik zintzilik bizi dira? Ziria noraino sartu diguten konturatzeko berrogei urte bete behar izan dituzte batzuek.
Abenduaren 5ean, berriz, larunbata, Mairu Antzerki Tailerraren Talaka antzezlana ikusteko aukera izanen da 20:00etan Harriondoan. Eta igandean, abenduraren 6an, Bartzelonako Monamu Teatre konpainiak antzerki emanaldia eskainiko du 18:00etan Harriondoan. Bartzelonako antzerki taldea izan arren, Lesakarra da antzezlaneko aktoreetako bat.
Abenduaren 26an, azkenik, Bertso atabikoak (edo norena den basoa?) taularatuko dute Tantirumairu Euskal Folklore Taldeak eta Mairuk 20:00etan Harriondoan.