Goldatz taldeak antolatuta, azaroaren 20an Pintxo-pote morea egin zuten Berako ostatuetan eta azaroaren 22an, Hamaika TBren ‘Ertzak. Eraso sexistei aurre egitearen zilegitasuna’ bideoa eskaini zuten Beralandetan.
Azaroaren 25ean, asteazkenean, Berako Toki Ona ikastetxeak bultzatuta, elkarretaratzea egin zuten kiroldegian. Hasiera batean atarian egitekoa zen, baina eguraldi kaxkarra zela eta kiroldegiko babesean egin zuten. Aipatzekoa da urriaren 27 eta 28an autofedentsa ikastaroa eta maskulinitate eredu berriak ere landu zituztela institutuan eta 16 urteko 100 ikaslek parte hartu zuten.
Mukixu zubian, berriz, Goldatz Berako Emakume Talde Feministak deituta elkarretaratzea egin zuten, beltzez jantzita. Aitzinetik, Bortzirietako Gizarte Zerbitzuek bultzatuta, Montxo Armendarizen No tengas miedo filma eskaini zuten Beralandetan.
Emakumeenganako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Egunaren inguruko ekitaldi gehienak gauzatu dira Bortzirietan, baina oraindik bat falta da. Azaroaren 28an, azkenik, Arantzako Udalak bultzatuta, Lilja 4ever filma eskainiko dute larunbat arratsaldeko 6etan Baskulan.