Aurten ere SAREUSKAK antolatuta Mintzodromoa izanen da Euskararen Egunean

Ttipi-Ttapa 2015ko aza. 23a, 07:45

Mintzodromoaren aurkezpenean izan zen Mentxu Peña Bortzirietako Euskara Mankomunitateko ordezkaria ere.

Bigarren  edizioa da aurtengoa eta Hondarribian egingo da eta esparru ezberdinetako (kirola, kultura, telebista) aurpegi ezagunak izango dira gonbidatuen artean

2014ko irailaren 19an Hego Lapurdiko Hiriguneak, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta Bidaso Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak SAREUSKA, euskararen sarea sortu zuten. SAREUSKA egitasmoaren xede nagusia Bidasoaz bi aldeetako eskualdeetan euskararen erabilera bultzatzea eta dinamizatzea da. Helburua lantzearren 2017. urtera bitarteko plangintza garatu dute eta Mintzodromoa, bertan kokatzen den egitasmoetariko bat da.

 

Hortaz, aurten ere SAREUSKAK mintzodromoa antolatu du Euskararen Nazioarteko Egunaren harira. Mintzodromoaren II. Edizioa Hondarribiko itsas Etxeko Auditorium-ean egingo da abenduaren 3an, goizeko 10:00 eta 12:30 bitartean.

Bertaratutakoak, tokian tokiko zein egunerokotasuneko gaien inguruan solastuko dira mahai baten bueltan lauko taldetxoetan eta giro xamur eta lagunartekoan. Hiru gai ezberdin proposatuko dira 15 minutuz mintzagai gisa eta hizketalditxo hauetariko bakoitza, lagun talde ezberdinarekin egingo dute. Ekimenaren dinamizazioaz Maider Segurola irrati esatari eta  telebista aurkezlea arduratuko da, eta  esparru ezberdinetako (kirol mundua, euskalgintza, bertsolaritza edo eta telebistako) pertsonaia ezagunek parte hartuko dute. Hau horrela, haiekin solasean aritzeko eta haiek ezagutzeko aukera ere izango da.  Giroa eta partehartzea bultzatzeko, kafetxo eta mokadutxo baten aitzakia ere izango da

Ekimenaren helburua finean, euskaraz hitz egiteko aukera bat gehiago eskaintzea da, batez ere euskara ikasten ari direnei, praktikarako jauzia egin dezaten. Baina era berean euskaldunen arteko harreman sareak ehuntzea ere bilatzen da ekimenarekin Izan ere, Mintzodromoan parte hartu ondoren, bertan egindako lagun berriekin, euskaraz erlazionatzeko joera biderkatu baitaiteke. Eta modu honetan euskaldun zahar eta berrien arteko igurtziak areagotzeko aukerak ere.

SAREUSKAK mintzodromoan parte hartzeko deialdi berezia egin nahi  die Bortziriak,  Hego Lapurdi eta Irun-Hondarribiko euskaltegietako ikasle eta irakasleei eta baita ere mintzapraktika programetako partehartzaileei.  Hala ere, ekimena guztiz irekia da eta edozein euskaltzaleri zuzenduta eta irekia dagoela azpimarratu nahi dute. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun