Pello Añorga ipuin kontalariak aniztasunaren inguruko kontaketa eginen du Beran

Ttipi-Ttapa 2015eko azaroaren 19a

Pello Añorga ipuin kontalaria Berako liburutegian izanen da ortziral arratsaldean.

Azaroaren 20an, ortziralean 17:30ean liburutegian

Pello Añorgak Denak ezberdinak. Bakoitza beharrezko aniztasunaren inguruko kontaketa eginen du azaroaren 20an, ortziralean 17:30ean Berako herri liburutegian, 6-12 urtekoei zuzendua.

 

Pello Añorga ipuin kontalaria du protagonista, eta gaztetxoak aniztasunaren balioez sentsibilizatu nahi ditu.
Intimitatetik eta isiltasunetik abiatzen da Pello Añorga, haur literaturako hautazko ipuinak bitarte. Ipuin kontaketak honako hau planteatuko du: kohesioa bilatzen jakin behar dugu aniztasunean, jatorri anitzekoak garenez gero. «Desberdina izateak ez du zertan izan oztopo, aukera baizik. Nork erabakitzen du forma bat hemengoa dela eta bestea kanpokoa? Zergatik mespretxatzen dugu ezagutzen ez duguna? Nola esperimentatzen ahal dugu bertzea ere badela nire biziaren partaide? Nola sortzen ahal dugu zerbait berria elkarrekin?», dio Pello Añorgak.

Hona Marcos Nanclaresek, Migrazio eta Aniztasun zuzendaria zenak adierazitakoa: «Euskal Herria herri aniztuna da, eta hori balio bezala ulertzen dugu Gipuzkoako Foru Aldundian. Horregatik, aniztasun hori erakutsi nahi dugu modu erakargarrian. Eta Pello Añorgak primeran lortu duela esango nuke: ikuskizun ederra eta gaztetxoentzako aproposa sortu du; haurrak eta familiak aniztasunaz sentsibilizatzeko tresna erakargarria. Aniztasunaren kultura berria eraiki behar dugu, elkarren aitortzan oinarritua eta herri honetan bizi garen pertsona guztiak barnebiltzen dituena, eta eginkizun horretan, funtsezkoa da gaztetxoen artean balio positibo horiek zabaltzea». Ikastetxeen erantzun bikaina nabarmendu du Nanclaresek. Izan ere, Foru Aldundiak ikuskizunaren eskaintza egin eta berehala, ia Gipuzkoako ikastetxe guztiek azaldu zuten Pello Añorgaren ikuskizuna hartzeko asmoa: «Oso pozik gaude ikastetxeen erantzunarekin. Bi arrazoirengatik: kalitatezko kultur produktua eskaintzen ari garela konturatu direlako, batetik, eta aniztasunaren balioetan hezi beharraren garrantziaz jabetuta daudelako, bestetik».

 

Biografia

Pello Añorgak ibilbide luzea du egina ipuin kontalaritzan: ia 30 urte. Kontatzen ez ezik, ipuin tailerrak irakasleei eta familiei ematen ere trebatua da. Mondragon unibertsitatean ere (HUHEZIn) ipuin tailer emaile ezaguna da. Idazle ere bada: 40tik gora liburu ditu argitaratuak eta 2008an Euskadiko Haur literatur saria jaso zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun