Bigarren eskuko merkatu ttikia antolatu du aurten ere Berako Labiaga ikastolak

Ttipi-Ttapa 2015eko azaroaren 18a

Azaroaren 22an eginen da, igandean 09:00etatik 15:00etara kiroldegiaren aitzinean

Berako Labiaga Ikastolako Guraso Taldeak bultzatuta, bigarren eskuko merkatu txikia antolatuko dute azaroaren 22an (igandea), 09:00etatik 15:00etara kiroldegiaren aitzineko eremuan. Eguraldiak lagunduko ez balu, Altzateko frontoian eginen litzateke.

Ikastolaren izenean postu bat jartzeko asmoa ere badute. Horretarako, materiala bildu nahi dute. Merkatu honetan edozeinek parte hartzen ahal du. Horretarako, bakoitzak bere postua jarri beharko du (mahaia eta behar duen guziarekin). Postua jartzeagatik, Ikastolari 10 euro ordaindu beharko zaizkio. Norberaren baitan egonen da postua bakarka edo bertze norbaitekin osatzea.

Postua jartzeko interesa dutenek, Ikastolako idazkaritzara deitu behar dute, izena emateko. Merkatuan bigarren eskuko materiala bakarrik saltzen ahal da (jolasak, arropa, liburuak, etxeko tresnak, altzariak…). Materialaren prezioa norberak jarriko du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun