Nafarroako ikastoletako Pilota Topaketa eginen dute azaroaren 21ean Lesakan

Ttipi-Ttapa 2015eko azaroaren 17a

Ikaspilota eredua segituko dute larunbat goizean Lesakan, erabat partehartzailea.

Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. Mailako ikasleak bilduko dituzte

Nafarroako lehen ikastola, Uxue Ikastola, sortu zela 50 urte betetzen dira aurten eta hori ospatzeko pedagogiarekin, kulturarekin eta kirolarekin lotutako hainbat ekintza antolatu ditu Nafarroako Ikastolen Elkarteak. Azaroaren 21ean, Pilota Topaketa eginen dute Etxarri Aranatz, Lesaka eta Tafallako frontoietan.

 

Lehen Hezkuntzako III. zikloan dauden ikasleentzako topaketa Lesakan izanen da, 5. eta 6. Mailako neska eta mutilentzat. Topaketa hau, Tantirumairu ikastolak antolatu du, Nafarroako Ikastolen Elkartearen laguntzarekin. Ikaspilota eredu duten topaketak izanen dira, erabat partehartzaileak.

Egitarauari dagokionez, larunbatean 10:00etan agurra eta jaialdiaren inguruko aurkezpena-azalpena eginen dute.

10:15ean Txoko ezberdinetan jolas eta jokoak, ikastoletako gaztetxoak partaide izanik. 11.30ean atsedenaldia. 11:45ean berriz joko eta jolasetan ariko dira txokoetan. 13:00etan oroigarrien banaketa guztientzat eta zozketak (diplomak, kamisetak eta bertzelakoak. Pilotari profesionalak ere izanen dira oroigarri banaketan. 13:15ean agurra.

Lehen ikastolaren sorreraren 50. Urteurrena dela eta hainbat ekitaldi antolatzen ari da Nafarroako Ikastolen Elkartea. Bertzeak bertze, Fermin Erbitik sortutako "Ametsa egia" liburuaren aurkezpena (Nafarroako ikastolen historia biltzen duen liburua), "Kooperaziotik berrikuntzara" jardunaldi pedagogikoak, txirrindularitza martxa, igeriketa txapelketa, Oskorriren azken kontzertua Baluarten… Eta orain Pilota Topaketa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun