Nafarroako sokatira txapela jantzi du Beti Gaztek

Ttipi-Ttapa 2015ko aza. 16a, 10:40

Arazorik gabe irabazi du Beti Gaztek Nafarroako sokatira txapelketa. Argazkian, txapeldunak Aldatzen.

600 kiloko kategorian hiru jardunaldietan nagusitu dira lesakarrak

Nafarroako goma gaineko sokatira txapelketako hirugarren eta hondar jardunaldia jokatu dute azaroaren 15ean Aldatzeko pilotalekuan. Gizonezkoen 600 kiloko kategorian, Tafallan eta Berriozarko bi lehenbiziko jardunaldietan bezalaxe, Lesakako Beti Gaztek irabazi zituen tiraldi guztiak eta honenbertzez, txapela jantzi zuen.

 

Igandean Aldatzen txapela jantzi zuen zortzikoa hau izan zen: Lander Landiribar (Amaiur), Jon Silveira (Lesaka), Julen Palenzuela (Lesaka), Ander Mitxelena (Igantzi), Beñardo Iantzi (Lesaka), Iñigo Altzugarai (Lesaka), Xuban Larretxea (Lesaka) eta Estefan Mitxelena (Ezpeleta). Entrenatzailea: Paskual Taberna (Lesaka).

Bigarren posturako lehian, Berriozar nagusitu zitzaion Txantreari. Seinaka ari diren talde mistoei dagokienez Berriozarrek irabazi du txapela, Txantrea eta Kaskalluetaren aitzinetik.

 

Euskadikoa eta Mundukoa

Behin Nafarroan jokatu den txapel bakarra bereganatuta, Euskadiko launakako eta zortzinakako txapelketan aritzekoa da Beti Gazte. Asteburu honetan atseden izanen dute eta hurrengoan, azaroaren 28tik aitzinera, 300 kiloko kategorian lehiatuko dira, Euskadiko 4x4 sokatira txapelketan, Berriozar eta Txantreak bezalaxe. Txantreak emakumezkoen 260 kilokoan ere parte hartuko du. Azaroaren 28an Anoetan (Gipuzkoa) izanen da lehen jardunaldia, abenduaren 5ean Artziniegan (Araba) bigarrena eta abenduaren 12an Ibarran (Gipuzkoa) hirugarrena eta azkena . Gero, abenduaren 19tik aitzinera jokatuko den Euskadiko zortzinakako txapelketako lau kategoriatan ariko dira. Beti ere, denboraldiko helburu nagusia prestatzen ari da Beti Gazte, otsailaren 18tik 21era Holandako Volendam hirian jokatuko den Munduko goma gaineko sokatira txapelketa, hain zuzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun