Diego Pedra Benzal kataluniarrak irabazi du Lesakako argazki lehiaketa

Ttipi-Ttapa 2015ko aza. 16a, 08:10

Bartzelonako Diego Pedra Benzal argazkilariaren 'Pájaros' lanak irabazi du Beti Gazteren argazki lehiaketa.

48 argazkilarik 140 lan aurkeztu dituzte Beti Gaztek antolatutako lehiaketara

Urtero bezala, Lesakako Beti-Gazte elkarteak Argazki lehiaketa bat antolatu du maila nazionalean. Urrian argazkizale aunitzek beraien lanak aurkeztu dituzte. Guzira, 48 argazkilarik 140 argazki aurkeztu dituzte lehiaketara, iaz baino gehiago. 

 

Azaroaren 7an erabaki zituen sariak Arizkungo Lander Goñik eta Irungo Lamia elkarteko Aitor Larrukert eta Fernando Larrukert argazkilariek osatutako epaimahaiak. Lehenbiziko saria Bartzelonako Cornellá de Llobregat-eko Diego Pedra Benzal argazkilariak lortu zuen, Pájaros izeneko argazkiarekin. Honek 350 euroko sari bat eta garaikurra  eskuratu ditu. Bigarren saria (250 euro eta garaikurra), Gipuzkoako Soraluzeko Carlos de Cos Azkonarentzat izan da izan da, The man izeneko lanarengatik.

Kirol argazki hoberenarentzako saria,  200 euro eta garaikurra, Asier Castro de la Fuente bilbotarrarentzat izan da, La última ola argazkiarekin. Eta azkenik,  Jon Martinez Etxabarri argazkilariak Lesakako egile hoberenarentzako  saria lortu zuen, Mugimendua  argazkiarekin. 200 euro eta garaikurra eskuratu ditu lesakarrak ere.

Argazki guztiak  Harriondoa Kultur Etxeko Komentuko elizan daude ikusgai azaroaren 29ra bitarte. Erakusketa irekia egonen da ortzegunetik larunbatera 17:00etatik 19:00etara eta igandetan 11:30etik 13:30era.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun