Izan ere, bi saioetako tiraldi guztiak irabazi zituen Beti Gaztek eta beraz, 6 puntu ditu. Bigarren postuan, berriz, saio batean Berriozar eta bertzean Txantrea suertatu ziren. Honela, hiruna punturekin daude. Kontuan hartuz Beti Gaztek Aldatzen tiraldi guztiak galduta ere puntu bat eskuratuko lukeela eta Txantreak edo Berriozarrek denak irabazita ere 3, dagoeneko txapela lesakarren eskuetan dagoela erraten ahal da.
Seinaka ari diren talde mistoei dagokienez ere, kontuak nahiko garbi daude, nahiz oraindik erabat erabakirik ez egon. Berriozarrek irabazi zituen bi lehenbiziko saioak (6 puntu), Txantrea izan da bietan bigarren (4 puntu) eta Kaskallueta hirugaren (2 puntu). Itxura batean Berriozar izanen da txapeldun, baina oraindik berdinketa suerta daiteke Txantrearekin.