IrriSarri Landek Ikaztegia Ikatzaren Museoa inauguratu du

Ttipi-Ttapa 2015ko aza. 9a, 07:40

Irrisarri Landeko Ikaztegiaren inaugurazioan izan ziren Nafarroako Gobernuko, Igantziko udaleko, Paris 365 eta Albaolako ordezkariak.

Baliabide turistiko eta hezitzaile berriak IrriSarri Landeko gainerako jarduerekin bat eginen du 

Hilabeteetako lanaren ondotik eta hainbat lagunen parte hartzeari esker, tradizioak eta ingurumenarekiko errespetuak bat eginen dute IrriSarri Landeko proiektu berrian. Izan ere, “Ikaztegia, Ikatzaren Museoa” eraiki dute parkean, txondorren bidez ekoitzitako ikatzari eskainitako interpretazio zentroa. Lehen mailako baliabide hezitzaile, turistiko eta kulturala izateko asmoz sortu da. Maitena Ezkutari Nafarroako Gobernuko Turismo Saileko zuzendaria, Lourdes Ibarluzea Igantziko alkatea, Loredana Agosta París 365 elkarteko ordezkaria, Albaola Museoko ordezkariak eta Olentzero inaugurazio ekitaldian izan ziren azaroaren 7an IrriSarri Landeko kudeatzaile Joxe Elgorriagarekin.

 

IrriSarri Landek hartzen dituen lurretan eta inguruetan aspaldi errotu zen ikaztegiak eraiki eta  nork bere kontsumorako zein irabaziak lortzeko egur-ikatza ekoizteko ohitura. 500 urte baino gehiago dituen usadioa berreskuratzeko asmoz, baina baita ohitura ezagutzera eman eta lursailak garbitzeko ere, iazko urri hasieran munduko txondor handiena prestatzen hasi zen IrriSarri Land, 25.000 haritz egun erabilita. Esperientzia hartan oinarrituta eta tokiko usadioak gal ez daitezen, parkeak “Ikaztegia, Ikatzaren Museoa” eraiki du orain, basoetako soberazko egurra erabiliz duela urte gutxira arte ikatza nola egiten zuten ikasteko aukera eskaintzen duen estali gabeko interpretazio zentroa. Tamaina errealean egindako eraikuntzek egur-ikatzaren sortze prozesuko fase guztiak islatzen dituzte. Gainera, ikazkinak bizi ziren etxola ere eraiki dute, eta haiek erabiltzen zituzten tresnak ikus daitezke. 

Goizuetako Luis eta Ibon Elizegi, Fernando Goia eta Josean de Arraiz ikazkin gazteek, IrriSarri Landeko hainbat langilerekin batera, eraiki dute museoa Andoni Etxenikeren gidaritzapean; ikazkinen semea eta teknika tradizionalean aditua da bera.

Museora oinez edo IrriSarri Express trenean joan daiteke. Azken hau orain hilabete batzuk jarri zuten martxan, eta museorako bidean ikazkin bat joaten da erregaia nola lortzen den eta parkearen instalazioak zeintzuk diren azaltzen. Datorren hilean ikaztegia martxan ikusteko aukera ere izango da, iaz bezala aurten ere, parkean ikatza eginen baitute.

Gainera, hainbat ekintza eginen dituzte museoan, hala nola, antzerki emanaldiak, kontzertuak, instalazio artistikoak…

Azaroaren 7ko inaugurazio ekitaldian izan ziren Gipuzkoako Albaola Museoko ordezkariak eta Iruñeko Paris 365 Jangela Sozialeko ordezkariak. Iaz ekoitzitako ikatzaren salmentatik lortutako irabazien zati bat haiek jaso dute. 

Modu berean, Ikaztegia Interpretazio Ibilbideko geldialdi bat izanen da aurrerantzean. Ibilbideak tokiko bizimodu tradizionala islatzen duten belar-meta, borda eta zentral hidroelektriko txiki bat, besteak beste, ditu. Laster mahai-panoramiko bat ere izanen da parkeko lurren goiko aldean, eta inguruko toki esanguratsuenak ezagutzeko aukera emanen du.

«Familiek, eskolek eta erretiratu talde zein elkarteek gune berri hau iragana ezagutu eta berpizteko baliabide hezigarri moduan uler dezaten nahi dugu», azaldu du Joxe Elgorriagak. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun