Ikusmina piztu du Agiñako VI. Auto Igoerak Lesakan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko aza. 2a, 12:05

Agiñako igoeran parte hartu zuten autoak, irteera puntura hurbiltzen.

53 ibilgailuk hartu zuten parte eta ehunka ikusle bildu ziren Agiñako maldetan 

2007az geroztik ez zen rallyrik ikusi Lesakan, baina urriaren 31n burutu da Agiñako igoeraren seigarren edizioa, Nafarroako Mendi Txapelketa eta Nafarroako junior txapelketa jokoan zituena. Nafarroako Automobilismo Federazioak antolatu du lasterketa, Navarra Sport eskuderiaren laguntzaz, eta 4,6 kilometroko ibilbidea izan du. 53 ibilgailu hurbildu ziren Lesakako probara eta horrek ikusmina piztu zuen. Ikusi Jose Mari Telletxearen argazkiak

 

Goizean, frontoiaren aparkalekuan utziak zeuden autoak ikusten hainbat lagun ibili ziren eta arratsaldean, Agiñako malda osoan eta batez ere Gardelko Bagoeta inguruan jendetza bildu zen.

Eskualdeko gidarien artean, Joseba Beola beratarra seigarren izan zen sailkapen orokorrean eta lehenbizikoa bere klasean, Motsubishi Lancer Evo autoarekin. Berriki lur gaineko RAC Focus Vasconavarro kopa irabazi duen Iñaki Ubiria lesakarra 20. Izan zen sailkapen orokorrean, hirugarren bere klasean, aldi honetan Renault Clio Sport batekin. Asier Almandoz beratarrak ere Clio bat gidatu zuen eta laugarren izan zen bere klasean (22. Sailkapen orokorrean). Imanol Oskoz elizondarrak Peugeot 205 bat gdatu zuen eta 26. izan zen; Oronoz-Mugairiko Gorka Oteiza 29. Citroen Saxoarekin eta Andoni Blas doneztebarra 38. BMW 325i autoarekin. Sailkapenak

 

Arratsean plazan egin zen sari banaketa eta bere garaian Eguzki Sport elkartearekin antolaketa lanetan eta larunbatean ere laguntzaile izan zen Koteto Altzugarai lesakarrari omenaldi xume bat eskaini zitzaion.

Antolatzaileak gustora gelditu dira emaitzarekin eta heldu den urtean ere Agiñako maldan probaren bat egiteko asmoa azaldu dute, ahal bada Rallysprint formatoan (goiti eta beheiti, joan-etorria).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun