Alde batetik, oraindik ere ostatuan falta aunitz daudela jakinarazi du Gure Txokoako zuzendaritza batzordeak, eta 2011ko otsailaren 18ko batzarrean erabaki zen bezala, ordaindu gabeko horien arduraduna agertu ezean, egun horretako erabiltzaileen artean banatuko da.
Bertzalde, elkartea hagitz zikin eta bildu gabe gelditutako aldiak aunitz dira, berdin bazkari, merendu edo afari baten ondotik.
Eta batzordeari gehien arduratzen dion kontua zera da: Beran bizi den jendea bazkide izan gabe elkartean sartzen dela. Hasieran kasu zehatzen bat izango zela uste zuen batzordeak, baina ikusi du jendeak "normaltzat" hartu duela jokabide hau. Arau hau bete ez dadin baimentzen duten bazkide batzuen argudioak honelakoak omen dira: "beno, nola elkartea urtean 3 aldiz bakarrik erabiltzen dugun...", "bertan geunden gehienak bazkideak ginen" eta abar.
Gure Txokoako batzodeak dioenez, «ez dugu inolako argudio posiblerik ulertzen estatutuen 10. artikulua ez betetzeko, eta argi daukagun gauza bakarra, bete beharra dugula da. Horregatik, hemendik aitzinera, elkartearen erabilera egokien inguruko arauak puskatzen dituen bazkidea zigortua izango da».
Gure Txokoa, bere mantenua behar duen eta gastu aunitz dituen Iamotenea baino aunitzez gehiago dela oroitarazi dute: Gure Txokoa futbola, pilota, dantza, txirrindularitza, areto futbola, Lurraren Eguna, Lizuniagako igoera, margo lehiaketa... eta aunitzez gehiago da, «eta aktibitate hauek soilik jende aunitzen lan eskerga eta altruistaren bitartez egin daitezkela (hitz hauen bitartez gure esker ona luzatu nahi geniekena)». Guzti hau egitea soilik bazkideek ordaintzen dituzten kuotek baimentzen dutela ere aipatu du batzordeak.