Suediako Abesbatza batek kantatuko du urriaren 31n Berako Kultur Etxean

Ttipi-Ttapa 2015eko urriaren 28a

Suediako Stockholms Musikgymnasium Chamber Choir Abesbatza.

Larunbatean 20:00etan Nafarroako Nazioarteko XXI. Ziklo Koralaren baitan

Nafarroako Abesbatzen Federazioak eta Berako Abesbatzak antolatua eta Berako Udalak lagunduta, Nafarroako Nazioarteko XXI. Ziklo Koralaren barrenean urriaren 31rako Suediako Stockholms Musikgymnasium Chamber Choir taldearen kontzertua prestatu dute Berako Kultur etxean. Emanaldia larunbat arratseko 8etan hasiko da eta 6 euro ordaindu beharko da sarrera.

 

Gaur egun zuzendaria den Bengt Ollének 1994tik dihardu Stockholms Musikgymnasiumen koru sailean. Bere koruek urtero hartzen dute parte nazioarteko lehiaketa eta jaialdietan, eta oso izen ona lortu dute soinu argi eta beroa, teknika ona eta eskarmentu handia dutelako. Bai eskolak bai bertako koruek, biek ala biek entzute handia dute Suediako musika-munduan, eta Stockholmeko Errege Orkestra Filarmonikoarekin elkarlana egiten dute urtero. Bengt Ollének Sofia Vocal Ensemble taldea zuzentzen du halaber; Europako koru prestigiotsuenetakoa da, eta, 1993 sortu zenetik, nazioarteko sari garrantzitsuenak lortu ditu Ollének haiekin. Ollén Göteborgeko Musika Eskolan prestatu zen. Stockholms-eko Musikgymnasiumean koruko eta koru-zuzendaritzako irakaslea ez ezik, Stockholmeko Musikako Udal Institutuko koru-zuzendaritzako irakaslea ere bada. Orobat, eskuarki parte hartzen du irakasle gonbidatu eta koru-zuzendari gisa jaialdi, tailer eta kontzertuetan, hala nazio mailan nola nazioartean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun