Nagusitasunez hasi du Lesakako Beti Gaztek Nafarroako sokatira txapelketa

Ttipi-Ttapa 2015ko urr. 27a, 07:51

Beti Gazte sokatira taldea iazko saio batean.

600 kiloko txapelketako lehen jardunaldian tiraldi guziak erraz bereganatu zituen Tafallan

Igande honetan, urriaren 25ean abiatu da Nafarroako 8x8 sokatira txapelketa. Gizonezkoek 600 kiloko kategorian jokatuko dute bakarrik eta Lesakako Beti Gazte da eskualdeko ordezkari bakarra. Tafallako lehen jardunaldian tiraldi guziak nagusitasunez irabazi zituen, txapela janzteko faborito argia dela erakutsiz.

Gizonezkoetan, 600 kiloko kategorian, Lesakako Beti Gazterekin batera, Berriozar eta Txantrea ari dia lehian. Beti Gaztek tiraldi guziak irabazi eta 3 puntu eskuratu zituen, Txantrea izan zen bigarren (2 puntu) eta Berriozar hirugarren (puntu 1).

6x6 txapelketa mistoan, berriz, 420 kiloko kategorian, Berriozar, Txantrea eta Kaskallueta ari dira eta orden horretan sailkatu ziren Tafallan.

Bigarren jardunaldia urriaren 31n, 18:00etatik aitzinera jokatuko dute Berriozarko pilotaleku berrian eta hirugarren eta hondar jardunaldia azaroaren 15ean, igande eguerdiko 12:30ean jokatuko dute Aldatzeko pilotalekuan.

 

Azaroaren 7an Miarritzen

Nafarroako txapelketako azkenaurreko eta azken saioen artean, azaroaren 7an Miarritzen eginen den Nazioarteko sokatira txapelketa batean ere parte hartuko du Beti Gazteko sokatira taldeak. Ñapurrak taldeak antolatutako topaketan, hamar talde ariko dira, tartean azkeneko Munduko txapelketan 560 kilotan txapeldun izan zen Ipar Irlandako County Club, Ingalaterrako Kilroe historikoa, Herbehereak edo Afrikako taldeak ere izanen dira, Euskal Herrikoekin batera. Taldeko gazteenek esperientzia hartzeko ere baliagarria izanen da, Nafarroako eta Euskal Herriko lauko eta zortziko txapelketen ondotik, heldu den otsailaren 18tik 21era Herbereetako Volendam hirian jokatuko den Munduko txapelketan aritzekoak baitira.

Nafarroan 600 kiloko kategorian zortzinaka aritu ondotik, Euskal Herriko launakako txapelketan 300 kiloko kategorian ariko dira Beti Gaztekoak eta zortzinakako txapelketan kategoria guztietan, 680, 640, 600 eta 560 kilotan. Lesakako taldeak  garai bateko historikoak eta gazteak biltzen ditu, Amaiurko taldetik etorritako Juanma Irigoien eta Lander Landiribar eta Ezpeletako Estefan Mitxelenarekin batera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun